2009/02/07

UZTARTZE EDO HARMONIA



  • Ba hori, uztartze edo harmonia, ardoaren eta jakiaren artekoa, alegia. Edo jakiaren eta ardoaren artekoa. Interes handiko gaia da. Jakin badakigu ortodoxia tradizionalak markatzen dituen bideak zeintzuk diren, zer den egokia eta zer desegokia, baina egia da gero eta esparru zabalagoak eta ausartagoak irekitzen direla janari bat ardo batekin uztartzeko orduan edo ardo bati janari egoki bat egokitzean.
    Josep Roca El Celler de Can Roca jatetxeko sommelierra eta jabeetariko bat da. Berak uztartze horiek egiterakoan nolabaiteko malgutasunez jokatu behar dela planteatzen du, baina betiere oinarrizko arau batzuk jarraituz:
  • Janari azidoak ardo azidoekin uztartzen dira ondo -fruta-usainekoak, iraunkorrak, erdilehorrak.
  • Janari koipetsuak, zapore zabaleko ardo azidoekin -tanino lehortzailedun beltzak, kabernetak edo tenpranilloak.
  • Janari gihartsuak, gorpuzdun ardoekin -golosoak eta glizerikoak. Garnatxa edo Mediterraneo aldeko syrah antzekoak.
  • Janari gaziak, ardo zuri leunekin -glizerikoak, gozoak- eta tanino gutxiko ardo beltzekin.
  • Janari ketuak, egurretik pasatutako zuriekin -beteak eta frutadunak, espeziatuak-, izaera modernoa duten ardoekin.
  • Janari espeziatuak, ardo beltz gazteekin -frutadunak, tanino gutxi eta alkohola neurrian dutenak; hondar-azukredun eta azidotasuna duten zuriekin.
  • Janari gozoak, neurri bereko edota gehiagoko azukrea duten ardo gozoekin.
  • Ozpinarekin prestatutako janariak, Jerez motako ardo lehorrekin.
  • Janari sendoak, gorpuzdun ardoekin.
  • Janari fina, ardo leun eta delikatuarekin.
    Janariaren eta ardoen arteko uztartze edo harmonia ez da sekula behin betikoa. Harmonia ez da bakarrik aromatikoa izan behar. Uztartzerik onenak ukimen zentzumenarekin, bolumenarekin eta ahoan duen dentsitatearekin ere zerikusia izaten dute. Harmonia ugarienak osagarriak izaten dira: antzekotasunak batu egiten ditu ardoa eta janaria. Baina, noski, kontrastedun harmonia oso interesgarriak ere egon badaude.
    Koloreak, adibidez, aldez aurretik gertatzen gaitu janariarekin uztartzeko. Eta, hala, ardo zuriak ondo datoz kolore gutxiagodun janariekin, haragi eta saltsa zuriekin, hegazti eta arrainekin, eta ardo beltzek, printzipioz, gehiago eskatzen dituzte haragi gorriak, janari astunagoak, saltsa ilundun eta zapore handiko janariak.
    Asoziazio geografikoak edo ohiturak ere badu zeresana uztartze kontu hauetan, Sanlucarreko manzanilla eta otarrainxkak, Stilton gazta eta Portoa. Tenperaturak eta urtaroak ere badu zerikusia, edo ospakizunaren izaerak, egoera fisikoak, bakoitzaren gustuak...
    Baina, goian esan dugun moduan, uztartze kontu hauetan malgutasunez jokatu behar dugu, eta askatasun osoz. Probatu arrautza frijitua eta Burgosko odolkia manzanilla pasatu batekin, eta esango didazue...

2009/01/31

ANDALUZIAKO ALTXOR ZURIAK (III)


Gaur ardo gozo naturalak eta ardo erdi-gozoak edo likoredun oparoak aztertuko ditugu. Jerezko ardo gozo naturalak mahats oso helduak edo eguzkitan pasifikatutakoak dituzte oinarri, gehienetan Pedro Ximenez edo moskatela. Eta erabiltzen den mahats motak ematen dio izena ardoari.
Ardo gozo naturalak
Pedro Ximenez

Pedro Ximenez mahatsa erabiltzen da eguzkitan lehortu eta oso pasifikazio maila altua lortu ondoren. Prentsatu ondoren, azukrean oso aberatsa den muztioa lortzen da, kolore nahikotxorekin. Muztio horrek hartzidura alkohol partziala egingo du, eta ardo alkohola gehitu ondoren etengo da.
Oxidazio ontzeak eragingo du etengabeko aroma kontzentrazioa, eta, era berean, konplexutasunaren garapena beti ere freskotasuna eta mahatsaren ezaugarriak galtzeko arriskuak ekidingo ditu.
Ebano kolorea, iodo ñabardurak eta malko oso nabarmenak ditu, eta begi bistan dentsitate irudipena ematen du. Mahaspasak, pikupasak eta datilak, eztia eta konpota aromak adituko ditugu sudurrean. Zahartzeak gero eta nabarmenago utziko ditu xigortu tonuak (kafea, txokolate mingotsa, kakaoa). Belusa eta azukrearen gehiegizko gozotasuna orekatzen duen azidotasuna ahoan. Oso luzea da, eta zaporetsua.
Moskatela
Egiteko prozesua Pedro Ximenezenaren berbera da. Gaztaina eta kaoba arteko kolore biziko ardoa da. Sudurrean, jasmin usaina, laranja lorea, atxaparra, baita lima edo pomeloaren ukitu zitrikoak ere, kutsu gozoegiarekin. Ahoan, neurrizko gozotasuna du, moskatelak berak eskaintzen dituen ezaugarriak nabarmenduz eta lore ukituekin. Amaieran, berriz, lehorgarri eta mingostasun puntu bat du.
Ardo erdi-gozoak.
Araudiaren arabera, ardo hauek ardo oparoak eta ardo gozo naturalen arteko nahasteen bidez lortzen dira, eta, kasu batzuetan, kontzentraturiko muztioa ardo gozoaren ordez.
Pale Cream
Fino edo manzanillari kontzentratutako muztioa gehitzen zaio berezko duten lehortasun sentsazioa leuntzeko, gozatzeko. Kolore hori hitsa edo urre hitsa izaten da. Sudurrean, manzanillak eta finoak duten zorroztasun hori dute, eta ahoan, arinak eta freskoak dira, gozotasun ukituarekin, oso atseginak, jatorriz duten mingostasuna leunduz.
Medium
Ardo oparoa eta ardo gozo naturalaren arteko nahastea. Normalean amontilladoa erabiltzen da; batez ere ontze oxidatiboa jasan duen ardoa, baina aurretiaz ontze biologikoa ere izan duena. Anbar eta gaztaina ilunaren arteko kolorea du. Amontilladoaren aromak baina ukitu gozoekin. Ahoan, lehor sartzen da, baina gozatuz doa, leunduz.
Cream
Olorosoak eta ardo gozoak (kopuru esanguratsuan) nahastuz.
Kaoba iluna. Koipetsua ematen du. Olorosoaren sudurra, baina turroia eta karamelo usainak tartekatuz. Ahoan, leuna eta belusa ukitua, orekatua, dotorea.

2009/01/24

ANDALUZIAKO ALTXOR ZURIAK (II)




Aurreko astean Jerez, Sanlucar de Barrameda eta Puerto de Santamariako finoaren eta manzanillaren munduan murgildu ginen. Ardo ezezagunak oro har, baina ardo handiak, dudarik gabe. Gaur, tokiz aldatu gabe, beste batzuk ezagutzera joko dugu. Eta aurretik, gaia pixka bat kokatzeko, sailkapen txiki bat egingo dugu, jerez ardoen sailkape-na. Hiru taldetan sailkatuko ditugu: Ardo oparoak: manzanilla, finoa, olorosoa, amontilladoa eta palo cortado-a. Ardo gozo naturalak: Pedro Ximenez eta moskatela. Ardo erdi-gozoak: pale cream-a, medium-a, cream-a.
Amontilladoa
Oso ardo bitxia da. Manzanilla eta finoaren kasuan, ontze bilogikoaz hitz egin genuen; bada, amontilladoaren kasuan, ontze bilogikoa eta oxidatiboa, biak gertatzen direla esan behar; horregatik gertatzen dira ardo hauek hain konplexuak eta interesgarriak. Manzanillaren eta finoaren moduan hasten du bere ontze prozesua, hau da, legamia geruzak babestutako ontze biologikoa jarraituz. Urte batzuk igaro ondoren, legamia geruza hori ahulduz joango da, berez edo enologoak horrela erabakita, ardoa alkoholeztatu eta gero, eta ontze oxidatiboari emango dio bidea. Fase horretan kolorea ilundu egiten da eta kontzentrazioa eta konplexutasuna nabarmendu egiten dira. Topazio eta anbar kolorea izaten du. Aroma finak eta delikatuak, fruitu lehorren eta belar aromatiko eta tabako beltzaren ukituarekin. Ahoan leun sartzen da, azidotasun orekatuaz. Gauza asko eskaintzen dizkigu ahoan, oso konplexua baita. Amaiera lehorra du, eta ahoan luze geratzen da, fruitu lehorrak eta egur ardoztatua agertuz amaieran.
Olorosoa
Palominoaren muztioaren hartzidura osoa dute oinarri. Batzuetan oinarrizko ardo hauek izugarrizko egitura erakusten dute, eta, horrela izanik, enologoek ontze oxidatiboaren bidean jartzea erabakitzen dute. Hasierako 17 gradura arteko alkoholeztatzeak legamia geruza garatzea ekiditen du eta ardoa oxigenoaren etengabeko lanaren eskuetan uzten du. Gero ohiko criadera eta solera sistema jarraituko du. Egurrezko botetan (upela), ardoak ura galduko du etengabe; horrek izugarrizko kontzentrazioa ekarriko du, eta ardoak gero eta leuntasun, konplexutasun eta egitura handiagoak izango ditu. Anbar eta kaobaren arteko kolorea izaten du. Ontze luzeagoak kolore ilunagoa ekarriko du. Aroma berotsuak eta borobilak, konplexuak eta ahaltsuak ditu. Intxaur aromak, txigortuak, landareenak, egur nobleak, tabako horia, orbelak... Batzuetan espeziak eta boilur aromak ere agertzen dira. Ahoan oso zaporetsuak dira eta egitura handikoak. Ahaltsuak, biribilak eta gorputz handikoak. Glizerinan aberatsak direnez, oso leunak dira ahoan. Oso luze geratzen dira eta sudur atzeko oso konplexua izaten dute. Datorren astean, Jerez inguruko bidaia hau amaituko dugu. Gozatu!

2009/01/19

ANDALUZIAKO ALTXOR ZURIAK (I)


Sarritan entzun dugu Errioxako edo Dueroko Erriberako edo, azken urteotan, Prioratoko ardoei buruz hitz egiten, eta guk geuk ere dastatu ditugu aldiro-aldiro. Jerezko fino eta manzanillaren berri ere entzun dugu, eta, beharbada, inoiz dastatu ere bai. Baina horiek dira, Jerez eta Sanlucar de Barramedako ardoak hain zuzen, Espainiako ardorik ezezagunenak, ardoaren munduan ari garenontzat ere. Eta, dudarik gabe, bakanak, bitxiak eta nortasun handikoak. Goian fino eta manzanilla aipatu ditut, ezagunenak izango direlakoan, baina ezin ahaztu amontilladoak, olorosoak, Pedro Ximenez, pale, cream, moskatelak... Jerez, Sanlucar de Barramedan eta Puerto de Santamarian ondutakoak behar dute izan ardoek Xerry-Jerez jatorri izena eramateko eta Jerezko botetan (550-600 litro) zahartu eta ondutakoak. Gaur fino eta manzanillari buruz arituko naiz, eta datorren astean besteak ezagutuko ditugu, lehen hurbilketa bat baino ez bada ere.
Manzanilla
Palomino mahatsaren muztioa du oinarri, presio leunen bitartez lortutakoa eta erabateko hartzidura jasaten duena. %15 gradu arte gero egiten zaion alkoholeztatzeak ontze biologikoa ahalbidetzen du. Ontze prozesu osoa Sanlucar de Barramedan egin behar da, manzanilla izateko. Sanlucarko baldintza mikroklimatikoei esker, horrelako ardoei legamia geruza berezia eta bakana garatzen zaie (velo de flor), eta horrek egiten ditu desberdinak eta bereziak Jerezeko besteen aldean. Batzuetan, manzanillak ezohiko ontze prozesu luzea izaten du; geruza ahuldu eta oxidazio txiki bat gertatzen da, eta manzanilla pasatua deritzona sortzen da. Aroma zorrotzak ditu, kamamila, almendra eta ogi ukituekin. Ahoan delikatua da, lehorra eta freskoa. Ahotik pasatzerakoan arina eta leuna da, freskotasuna ematen dion azidotasun puntu batekin. Luze geratzen da ahoan, eta mingots samarra amaieran. Esaten dute manzanillak gazitasun nabardurak dituela, itsasotik, Atlantikotik sartzen den haizeak ematen dizkionak.
Finoa
Manzanillak bezala, finoak ere palominoaren muztioa du oinarria. Erabat hartzitutako muztioa. Finoaren kasuan ere, legamia geruzaren garapenak ardoaren oxidazioa eragotziko du ontze prozesu osoan, eta, era berean, ezaugarri organoleptiko bereziak emango dizkio ardoari. Egiteko prozesuaren aldetik, ez dauka inongo alderik manzanillarekin. Beraz, manzanilla eta finoaren arteko desberdintasunak manzanillari Sanlucarreko baldintza mikroklimatikoak ematen dizkion ezaugarriak baino ez dira. Ontze biologiko horrek gutxienez hiru urteko iraupena izango du Jerezko haritz amerikarren botetan. Ezaugarri organoleptikoak manzanillaren oso antzekoak dira, almendra kutsuarekin, freskoa, arina, eta soro belar ukituekin. Beraz, finoaren eta manzanillaren arteko desberdintasunak oso sotilak dira, manzanillaren kasuan gazitasun puntu hori nabarmenduta. Ardo handiak, bakanak, bitxiak... eta eskaintzen duten kalitatearekin, merkeak erabat.

2009/01/12

TOKAJIA


Hungariako Tokaj-Hegyalja eskualdeko ardoak izendatzeko erabiltzen da tokaji hitza. Tokajik Tokajekoa esan nahi du, herritar izena da, beraz. Eslovakiako Tokaj eskualdeko ardoak izendatzeko ere erabiltzen da. Pasa den astean izotz ardoei buruz aritu baginen, gaurkoan beste ardo gozo mitiko bati buruz arituko gara, mundu osoan ezaguna dena eta ardozaleon artean biziki errespetatu eta maitatua. Xanpainaren kasuan bezala, hemen ere elizgizon bat dugu tartean. Szepsi, Rakoczi familia ahaltsuaren kapilau izandakoa. Szepsik garatu zuen, urratsez-urrats tokaji aszu estiloa, Oremus deituriko mahasti ospetsuko mahatsak oinarritzat hartuz. Alemaniako Rhin inguruan eta Frantziako Sauternesen mende bat geroxeago garatu zituzten antzeko teknikak. Eskualde horretan beste ardo batzuk ere egiten dira, baina gaur Tokaji Aszúari buruz arituko gara. Tokajia izan omen zen botrytisak (usteldura noblea) jotako mahatsekin egindako lehen ardoa. Badirudi turkiarren aurkako gerrak mahats biltzea urriaren amaiera arte atzeratu zuela eta, ondorioz, baldintza klimatikoei esker, botrytisa agertu zela. Eguzkiak eta hezetasunak mikroklima berezi bat eratzen dute zoruaren berotzeagatik eta ibaien hurbiltasunagatik, eta mahatsari erasotzen dion onddoaren garapena bideratzen. Onddo horrek (Botrytis cinerea) mahats alea lehortu eta azukreak konzentratu egiten ditu. Tokajen lantzen diren mahatsetatik % 70 Furmint motakoak dira, berandu heltzen direnak, azal mehekoak eta botrytisei erasotzeko joera dutenak. Beste % 25 Harslevelu da, azukre eta arometan oso aberatsa. Gainerakoa muscat zuria izaten da. Horrela egiten diren ardoek, gozoak gehienetan, alkohol kopuru nahiko handia izaten dute (11-15 grado), oso glizerikoak diraeta aroma oso konplexuak izan ohi dituzte: besteak beste, eztia, akazia lorea, irasagarra, landare aromatikoak... Baina azidotasunaren eta gozotasunaren arteko oreka miresgarria da. Oreka hori eta freskotasuna dira gehien nabarmenduko nituzkeen ezaugarriak, ardo hauetan. Puttonyoen arabera sailkatzen da tokaji aszua. Zenbat eta puttonyo gehiago orduan eta gozotasun handiagoa. Gutxienez hiru puttonyo eta gehienez seikoak daude. Baina zer da puttonyoa? Puttonyoa botrytisak jotako 25 kiloko mahats kantitatea da. Mahats horri aszu deitzen zaio. Konplexutasun eta gozotasun handien duten ardoak sei puttonyokoak dira, eta badaude gehiago dutenak ere, esate baterako, tokaji escenzia aszu mahatsen zukua, %60ko azukrearekin. Oso garestia eta ezohikoa da. Oso interesgarria da tokajiaren bilakaera historiko-politikoaz hitz egitea, baina hori hurrengo baterako utziko dugu. Norbaitek esan zuen moduan, tokajiari buruz: «Ardoen erregea, Erregeen Ardoa».

2009/01/06

IZOTZ ARDOAK



Mila zortziehun eta berrogeita hamazortzian agertzen da izotz ardoei buruzko lehen erreferentzia idatzia. Schloss Johannisbergen (Alemania) batu eta prentsatu ziren lehen aldiz mahats ale izoztuak. Benetako izotz ardoak (Eiswein) mahastian izoztu, eta bertan edukitzen diren mahats aleetan du jatorria. Gutxienez, zero azpitik 6-7 gradura heldu behar du, eta hobe 12ra heltzen bada. Orduan, mahatsa bildu eta ardo gozo bihurtzen da. Izotz ardoa egitea oso zaila da; pazientzia handia eskatzen du, eta nerbioak kontrolpean izatea... Beti dagoelako uzta biltzea eta mahats izoztuaren biltzearen artean aukeraren bat arriskua agertzeko. Helduegi badago, eta, batez ere, Botrytisak jota badago, mahatsak ez du izotz ardo on bat ematen. Mahastiek osasuntsu egon behar dute, mahats aleek aste batzuk iraun dezaten lehen izoztea etorri arte. Antzigar edo izotz zuri bortitza izaten da normalean egokiena, mahats aleak mahats azal izoztuak bilakatzen direlako. Alemanian ohikoa izaten da izotz ardoa egiteko erabiliko diren mahats aleak neguko goizalde ilunetan batzea, tenperatura zero azpitik 12 gradu ingurukoa izaten denean. Zaporea eta usaina mahatsak duen uretan ez direla disolbatzen kontuan hartzen badugu, ardoak ahoan eztitasun eta azidotasun benetan harrigarriak emango dizkigu. Ardo horrek duen azidotasuna kontuan izanik, zahartzeko oso egokia da, batez ere riesling mahatsarekin eginda badago. Baina oso atseginak dira, baita gazteak direnean dastatzeko ere. Alemanian egiten diren izotz ardo gehienak erabat garestiak dira. Ez ditugu ahaztu behar ardo hori egiteak dituen arriskuak, batetik, eta uzta ere urria izaten dela, bestetik, normalean biltzen denaren %10 erabiltzen baita. Alemanian izotz ardoa ondo araututa dago. 1971ko legeak ardoaren bost ezaugarri berezi (pradikats) jasotzen zituen. Eiswein kalifikazioa gehigarrizko izendapena zen, betiere beste ezaugarri batzuei lotuta -hala nola Spaetlese Eiswein edo Auslese Eiswein-, lehenengo izendapenak mahatsak biltzeko momentuan duen heldutasun puntua adieraziz eta Eiswein mahatsak bildu eta prentsatzeko unean izoztuta zeudela adierazteko. 1982ko legearen aldaketari esker, Eiswein ezaugarri propioa bilakatzen da, eta ez du behar besterik alboan. Alemania, Austria eta Kanada dira munduko izotz ardo ekoizle garrantzitsuenak. Legeak ez dira berdin-berdinak batean eta bestean. Kanadan, adibidez, zero azpitik 8 gradutan dago jarrita gutxienekoa, eta Moselan, zero azpitik 6 gradutan. Austrian eta Alemaniako beste toki guztietan, zero azpitik 7 gradukoa. Krisialdi larria jasaten ari gara, baina ez etsi. Eta kontuan izan horietako ardo miragarriren bat dastatu gabe ezin dela enopatarik infernura joan...

XANPAINAREN ARRISKUAK


Ardoaren inguruan ikerketa eta azterketa sakonak egiten dira aldiro-aldiro. Eta ikerketa horietatik ateratzen diren ondorioak harrigarriak izaten dira batzuetan... Azkenengoetariko batek Alemaniara garamatza. Clausthal Unibertsitate Teknikoko fisikari talde batek astindutako xanpain botila bat irekitzean kortxozko tapoia zein abiaduratan ateratzen den neurtzea lortu du: orduko 40 kilometro. «Abiadura hain handia izanik, ez dago babesteko astirik», azpimarratu du unibertsitateko bozeramaile batek. Munduaren norabide aldaketa ekarriko du aurkikuntza horrek, seguru. Xanpaina da, ezbairik gabe, munduko apardun ardorik ezagunena eta prestigiatuena. Asko idatz daiteke xanpainari buruz, baina, tarte handirik ez daukadanez, saituko naiz lehen hurbilketatxo bat egiten, eta hurrengo batean gehiago sakontzeko konpromisoa hartzen dut. Xanpaina egiteko erabil daitezkeen mahatsak hauek dira: pinot noir, chardonnay eta pinot meunier. Eta erabiltzen den metodoa Champenoise-metodoa deitzen da. Metodo horren arabera, bigarrenez hartzitu behar da botila barruan. Mahatsak, oro har, egoki heltzeko, batez beste urteko bederatzi gradu behar du gutxienez; Champagnen, hamar gradukoa da, mugan beraz. Eta horregatik dauka ardo mitiko horrek hain azidotasun markatua eta ederra. Horrek markatzen du alde batetik xanpainaren izaera, eta bestetik, egiteko erabiltzen diren mahatsak: chardonnay eta pinot noir, batez ere, eta maila apalago batean Pinot Meunier. Chardonnayren fintasuna eta dotoretasuna eta pinotaren bizitasuna eta zahartzeko doitasuna azpimarratuko nituzke. Xanpaina lau eskualdetan bana daiteke. Reimseko Mendia hiriaren hego-ekialdea, baso ugariduna, Pinot Noir mahatsa lantzeko lur ezin hobea. 7.960 hektarea. La Cote des Blancs (Zurien Erribera), Epernayren hegoaldean. 5.808 hektarea.Chardonnay mahatsa da hemen ugariena. Marne harana. Hemen hiru mahatsak ditugu, chardonnay, pinot noir eta pinot meunier; azken hori nagusitzen da, %62rekin. 11.593 hektarea. La Cote des Bar y Montgueux (Bar eta Montgueuxeko Erribera). Champagneko hegoaldean. Urrutien geratzen den eskualdea da. Pinot noir da nagusi %87rekin. 6.817 hektarea. Gaur egun Champagnen 32.178 hektarea mahasti dago, eta 15.000 inguru mahastizain. Hektarea bat baino gutxiagorekin: mahastizainen %54. Bat eta bi arteko haktarea: mahastizainen %17,5. Bi eta hiru arteko hektarea: mahastizainen %11. Hiru eta lau arteko hektarea: mahastizainen %11,7. Bost hektarea baino gehiago: mahastizainen % 5,8. Pentsa daiteke, datu horiek ikusita, mahastizain gehienak ezingo direla bizi mahatsak ematen duenaz solik, baina ez da hala, mahastien errendimendua oso handia delako, alde batetik, eta mahats kiloa 4-5 eurotan ordaintzen delako, bestetik.

2008/12/22

LUR EREMUKO ARDOAK


Bodegas Otazu upategiak «lur eremuko ardoa» kategoria lortu du. Horixe da geografia aldetik eta kalitate aldetik Espainian eta Nafarroan legeak onartzen duen aintzatespen maila nagusia, jatorri izenaren parametroen gainetik. Maila hori eskuratzeko kalitate eta bitxitasun aldetik betebehar zorrotzak jarraitu behar dira. Lehenengo «Otazu lur eremuko ardoak» 2010ean merkaturatuko dituzte. Lehen esan bezala, Espainian legediak onartzen duen kalitate maila nagusia da, eta oso neurri zorrotzak bete behar dira berau lortzeko, besteak beste, mahatsak Otazu jaurerrikoa izan behar du derrigorrean. Halaber, maila horrek ziurtatu behar du bertako mikroklimak eta lurraren ezaugarriek ardoari izaera propioa eta berezia ematen diotela, ezaugarri bakanak, Nafarroako, beste eskualde eta beste ardoengandik guztiz desberdinak... Legeak zer esaten duen begiratuz gero, ematen du ideia on bat dagoela atzean, hau da, kasu horretan Espainiako lur sailik onenei kategoria propioa, berezia eta bakana izateko aukera ematea, Borgoinan muturrera eramaten den ildoari jarraituz. Baina askorentzat errealitatea bestelakoa da, eta zalantzan jartzen dute maila hori lortu duten ardo batzuek benetan goian aipatutako baldintzak betetzen ote dituzten: bakanak, bitxiak, bereziak... Kalitatea zalantzan ez dute jartzen, baina bai izaera propioa eta berezia izatea. Paco Berciano Alma Vinos Unicos ardo kalitatedun inportatzaile eta banatzailea da. Eta Berciano jakintsua da, agintaria, ezbairik gabe. Berak zalantzan jarri du «lur eremuko ardoen» legeak markatzen duen filosofia benetan betetzen den ala ez. Eta Chivite familiaren Arinzano jaurerria kasua aipatu du: «Nola izan dezake lur sail bateko ardo izaera oraindik merkaturatu gabeko ardo batek? Chivite familiak duela 20 urte erositako lur eremuan eta tempranilloz, cabernet sauvignon eta merlotez birlandatua, Nafarroan historikoa den garnatxa izpirik gabe?». Are gehiago esan du: «Zeintzuk dira Finca Elez, Pagos del Guijoso edota Dehesa del Carrizalek dituzten ezaugarriak, bereziak, beste Mantxako ardoengandik bereizten dituztenak?». Eta seguru asko Paco Bercianok arrazoia dauka; ezin da bide hori zabaldu, ideia on batekin eta gero beste trikimaluentzako saihesbide izan. Zorrotz jokatu behar da horretan, ardo orokorrak, ardo errazak nagusi baitira jadanik, eta ez lur eta izaera propioak islatzen dutenak, bitxitasuna eta aberastasuna erakusten dutenak, eta hori gure kalterako da. Horrek pobretu egiten gaitu.

2008/12/15

CIRSION KONTZEPTUA


Urriaren 3an, Haron (Errioxa, Espainia), Bodegas Roda upategian, Cirsion ardoaren dastatze bertikala egin zen. 1998an merkaturatu zuten lehen aldiz Cirsion, eta hamargarren urteurrena ospatzeko-edo egin zen dastatze bertikal hori.Bertan, 1998, 1999, 2000, 2001, 2003, 2004, 2005 eta 2006. urteetako Cirsion ardoak dastatu ziren. Gaztea da Bodegas Roda. Handia da. Ez egiten duten botila kopuruari begiratzen badiogu, baina bai kalitateari begiratuta. Rodaren historia 1987an hasi zen, Haroko Geltoki Auzoan upategia jarri zutenean. Auzo berean daude Lopez de Heredia, Bodegas Bilbainas, Muga eta beste hainbat upategi mitiko... entzute handiko anai-arrebak.
Bederatzi urte geroago, 1996an, atera zen merkatura lehengo Roda , 2001 arte Roda II deitua.
Zertan datza upategi honen kalitatea?
Beharbada hamazazpi mahastiren aukeraketan, hiru klimaren konjuntzioan (kontinentala, mediterraneoa eta atlantikoa), mahasti zaharretan, mahatsak dastatzeko protokoloan edota ekosistemari dioten errespetuan...
Cirsion ardo handia da. Bere izenean tilderik ez daraman arren. Kardua esan nahi du. Latineko cirsium eta grekoko kirsion-etik dator. Kardua landare iraunkorra, gogorra, sustrai sakonduna da.
Baina zer da Cirsion izaera?
1995ean, zenbait mahats orpok eman zuten mahatsa desberdina zen inguruko beste batzuekin alderatuta, zaporearen aldetik. Normalean mahatsa dastatzen denean, sentsazio freskoa, garratza eta gozoa nabarmentzen dira, baina konturatu zireen mahats hauetan betetasuna, bolumena, ardoak eta ez mahatsak eskaintzen dituen erregistroetatik gertuago zegoela.
Horrek hausnarketa sakonak ekarri zituen. Mahats orpo batzuek gertaera hori errepikatzeko joera zutela ikusi zuten. Baina genetika eta mikroklima alde batera utzita, urte meteorologikoaren eragina ere nabarmena zen.
Taninoak mahats aleetan bertan polimerizatzen ote ziren pentsatzen hasi ziren upategikoak, ohikoa taninoak bata bestearekin lotzea prozesu enologikoan gertatzen zela pentsatzea bazen ere, eta batez ere upeleko ontze denboran.
Beraz, hori egiaztatzen bazen, mahastiak ontze prozesuko eginbeharrak ordezkatzen ari zela pentsa zitekeen, eta mahats berezi horiekin propio ardo bat egiten bagenuen izugarrizko ardo leuna lortuko zela, eta gainera, egurrak ez zuela jango bere aberastasun frutala.
1997an egin zen lehengoz Cirsion. Ez zen merkaturatu, baina ontze prozesu labur batekin izugarrizko leuntasuna eta ezohiko konplexutasun frutala lortu zuten.
Hurrengo pausoa landareen sintomak ikusmenaren bitartez identifikatzea izan zen, eta horiek detektatzeko gai izango ziren mahats biltzaileen talde bat osatzea.
Cirsion ardo berezia da, handia, sakona, konplexua... ahazten ez diren horietakoa.

2008/12/06

BAGA, BIGA, HIGA...


Asteari hasiera ematea beti izaten da gogor samarra. Baina aste honetako lehen bilera egiten ari ginela lankide baten sakelakora sms bat sartu zen: «Mikel Laboa hil egin da».
Badakit, bai, atal honek, astero idazten dudan artikulu honek, ardoari buruzkoa behar duela izan, baina ezin dut leihotxo honek ematen didan aukera alferrik galdu. Nire omenaldi txikia egin nahi diot Mikel Laboa handiari, gizon xumeari.
Ardo handiak egon badaude eta gizon handiak izan badira. Mikel Laboa horien artean dago, zalantzarik gabe. Ardo xumeak ere badaude. Eta gizon xumeak ere bai. Xumeak esan dut, eta ez sinpleak.
Bertsolaria banintz, bertso dotoreak eskainiko nizkioke Laboari, ez naiz, ordea, bertsolaria. Poema eder bat eskainiko nioke poesian doitua izanez gero, baina horretan ere ez naiz, ez, oso trebea.
Nire ardoen katalogoa eskainiko diot Mikeli, ez dakidan arren ardoa gustukoa zuen ala ez. Haren omenez edango nituzkeen ardoen katalogoa. Hona hemen:
Baga: Xanpain zaharra. Chardonnay, batez ere, eta pinot noir pixka batekin egindakoa. Dotorea, fina, konplexua, ausarta, ardotsua... Mahats zuriak ematen dion fintasunaz eta beltzak eskaintzen duen indarraz. Isiltasuenan edateko, meditazio antzean...
Biga: Biga, Florentino Martinezek Eltziegon egiten duen ardo baten izena da. Ardo xumea, ez sinplea, ordea. Balio duena baino gehiago ematen duten horietarikoa. Lagunez inguratuta hartuko dut hau, eta ahal bada, irribarrea dudala ahoan.
Higa: Txakolina. Ez diot abizenik jarriko inor ez mintzeko, bakoitzak egin dezala bere hautua. Ardo arina, alaia, gure-gurea.
Laga: Rieslingarekin egindako Alemaniako ardo gustagarri horietarikoa. Konplexua, batez ere. Mineralitate puntu batekin, frutaz gainezka, oparoa... kerosenoaren ñabardurekin...
Boga: Zamorako Toroko ardo indartsu horietarikoa. Sekulako indarrez eta potentziaz jantzia. Boteretsua.
Sega: Prioratoko ardo minerala. Lurraren eta mahatsaren indarra ezin hobeto islatzen duten horietarikoa. Ardo telurikoa.
Zai: Sauternes edo Tokaji inguruko ardo gozoa. Botrytisak eraldatutako mahats ustelduen misterioa. Gozotasunaren eta garraztasunaren harmonia.
Zoi: Hegoafrikako pinotagearekin egindako ardo trinko eta frutadun horietakoa. Trago batekin nahiko izaten diren horietakoa.
Bele: Xerez edo Sanlucarreko amontillado sakon, usaintsu, eder horietarikoa. Bakardadean dastatzeko eta gogoeta egiteko.
Harma: Borgoinako pinot noir zein chardonnayarekin egindako ardo fin eta dotorea. Leuna, delikatua, eztia...handia eta sakona.
Tiro, pum...

Eta indarrak ongi errotuz, gure sustraiak lurrari lotuz, bertatikan irautea:
ezaren gudaz baietza sortuz, ukazioa legetzat hartuz beti aurrera joatea

Topa!!!

2008/12/01

LAZAROREN ARDOA


Duela hilabete, gutxi gorabehera, emakumeen sudurraz aritu nintzen, emakumeek gizonezkook baino usaimen hobea dutela eta. Itsuek ere zentzumenak garatuagoak dituztela askotan entzun dugu. Antonio Tomas Palacios Errioxako Unibertsitateko enologia irakaslea da. Francisco Peña ere enologoa da, eta itsua, gainera. Bien elkarlanaren emaitza dugu Lazaruswine ardoa.
Ardogintza sentsorialaren metodoa erabilita egiten den ardoa da Lazaruswine. Eta proiektuari ere Lazaruswine esaten zaio. Zertan datza metodo hori?
Itsuen usaimen eta dastamen pertzepzio-atalasea oso ona da, eta entrenamendu on batekin hartziduraren eta ardoaren ontze prozesuetako balizko desbideraketak aurreikus ditzakete. Horrela, enologoek arazoei aurre hartu eta zuzentzeko aukera areagotu egiten da, alde batetik, eta, bestetik,konplexotasun aromatiko eta aberatsagoa lortzeko bidean jartzen gaitu.
Gertaera enologikoei aurrea hartuz, metodologia hori ardogintza prozesuko fase desberdinetan erabil daiteke: intsuldaketa, tenperaturen kontrola, nahasteen gaineko erabakiak, aireztatzea, ontzea eta erredukzioa.... Lehenengo ardoek emandako emaitza onek animatuta, Lazaruswinek beste helburu batzuk jarri zizkion bere buruari.
Espainiako ONCE erakundearekin elkarlanean, itsuentzako dastatze eta enologia eskolak antolatu dituzte pertzepziorako gaitasuna garatuagoa duten pertsonak aurkitzeko eta proiektura ekartzeko asmoarekin.
Palaciosen ustez, hain zuzen ere,«ikastaroan nabarmentzen diren pertsona itsuak dastatzen eskarmentu handien dutenak eta ardoaren inguruan gehien dakitenak izaten dira, baina ez derrigorrean enologiaren inguruan jantzien daudenak. Ardoaren inguruko kultura izatea behar-beharrezkoa da».
Bitxia bada ere, istorio honetako protagonistak errioxarrak badira ere, eta Lazaruswine ikastaroa Logroñoko ONCEren delegazioan egin bada ere, proiektu honetako ardoak handik urruti egiten dira: Ayerben, Huescan Vinos de la Tierra de la Ribera de Gallego izenpean. Nonbait, merlota eta syrah mahatsak egokitzen zaizkio ondoen metodo horri. Errioxan ezin dira mahats horiek erabili, eta Palaciosek -Edra upategian lan egindakoa baitzen- han probatzea erabaki zuen. Ardogintza sentsorialaren metodoa aurrera eramateko, ezinbestekoa da mahastiak eta upategia elkarren ondoan egotea, eta Edrasek hori eskaintzen du.
Lazaruswine saio esperimentala da. Urtero-urtero enologo itsu berriek egingo dute lan, eta, bestalde, mahats desberdinak erabiltzeko ahaleginak egingo dituzte. Orain arte dastatze itsuak egiten ziren. Orain zenbait ardo, egin ere itsuan egiten dira, eta emaitza aipagarriekin gainera.
Itzali argia. Eta doitu usaimena eta dastamena.

2008/11/24

LURRIKARAK ETA HOTZIKARAK
Udako oporren aurretik krisialdiari buruz asko hitzegin zen, baina oporretatik itzulitakoan hasi gara bebenetan nabaritzen lurrikararen dardarak, ekonomia eta finantza krisialdia dela-eta dardarka jarri baitira gure barruak. Autogintza eta etxegintza aipatzen ziren, baina krisia globala dela, eta bazter eta zoko guztietara heldu dela, edo helduko dela, argi geratu zaigu. Ardoaren alorrera eta inguruko industria eta negozioetara ere iritsi da, noski.
Ardoaren munduan eta etxegintzan gertatu dena, neurri handi batean, gauza bera izan da, gehiegikeriaz jokatu dela, alegia. Milaka eta milaka etxe eraiki dira, milaka eta milaka miloi gastatu dira upategi berriak egiten, izugarrizko upategiak, arkitekto famatuenekin, han eta hemen. Gehiegi.
Eta arrazoiak komunak badira ere, ardoak baditu berariazko arrazoiak ere krisia jasateko. Eta arrazoiak ez dira egoeraren araberakoak, neurri batean, egiturak eragindakoak baino. Upategietan ez da inbertitzen promozioan, marketinean. Upategi gehienetan ez da euren aurrekontuetan ganorazko diru kopururik jartzen arlo hauetan, promozioan, marketinean, hain zuzen ere.
Upategiak salgai daude han eta hemen. Maizegi entzuten dugu, aspaldi honetan, upategi hau edo beste hori saldu egin dela, beste hura ez dakit nork erosi duela... Eta ez da hainbeste denbora igaro ere mahastiak salgai aurkitzea ia-ia ezinezko zeregin zitzaigunetik, eta, orain, aldiz, salgai daude han eta hemen, nonahi... Nahiko adierazgarria.
Koben, Japonian, gertatukoa beste mota bateko lurrikara izan zen. 1995ean gertatu zen, urtarrilaren 17an , zehazki.Jean-Claude Terdjemane munduko somelierrik ezagunenetarikoa eta abenturazalenetarikoa dugu. Hark kontatzen duenez, Kobe hiriko bere lagun bat Japonia osoko Romanée Conti botila bildumarik handien eta apartekoenaren jabe zen.Terdjemani deitu zion ospakizun batean ardo horien zerbitzatze lanak antolatu eta burutzeko. Jende boteretsu eta ospetsua.
Deia jaso eta bost egun geroago, Kobeko lurrikara entzutetsua gertatu zen. Terdjemanen lagunak hirurogei urtean osatutako botila bilduma osoa zapuztuta geratu zen erabat. Hain izen mitikoa zeramaten berrehun eta berrogeitamar botila bat-batean desagertuta... Botilen jabearentzat, Hiroshima eta Nagasiko ezbeharraren parekoa izan zen... hotzikarak sentituko zituen, seguru.
Hotzikarak sentitu ditut, nik neuk ere, berria ez den arren, berriro irakurri dudanean Vega Sicilia, Abadía Retuerta eta beste upategi batzuetako lurrak (mahastiak) desjabetzeko asmoarekin jarraitzen dutela Duero Erriberan egiteko asmoa duten autobide proiektua aurrera eramateko. Harrigarria!

2008/11/17

KOLESTEROLA, DEPRESIOAK ETA DIETAK


Aspaldi honetan askotxo hitz egin da ardoak osasunerako dituen eragin onuragarriei buruz. Badirudi ardoa edari osaungarria bilakatzen ari zaigula. Ez da gauza berria ardoak, beltzak batez ere, gaixotasun kardiobaskularrak aurrezaintzeko duen gaitasuna, ezta bihotzaren funtzionamenduari egiten dion onura ere, betiere neurriz edaten bada. Onura hori ardoak dituen polifenolei eta resveratrolari (antioxidatzaileak) esker lortzen da.
Baina, gainera, depresioaren aurkakoa ere badela dio Psikiatriako katredadun eta Ardoa eta Nutrizio Ikerketarako Fundazioko presidente Enrike Rojasek. Hain zuzen ere, zera dio, 11-13 graduko kalitateko ardoa, neurriz edanez gero, elikagai bat dela, baina antidepresibo bat ere. Komunikatzeko eta pentsatzeko gaitasunak areagotu egiten dituela.
Badirudi depresioa burmuinak serotonina hartzeko (atzemateko) duen gaitasunarekin lotuta dagoela, eta badaudela elikagai batzuetan zenbait substantzia natural serotonina hori atzematen laguntzen dutenak. Eta ez da ahaztu behar, ardoak, beste gauza batzuen artean bere eragin lasaigarriei esker (alkohola dela medio), depresioaren atariko diren arazoak erlatibizatzen eta antsietate egoerak baretzen laguntzen duela. Beraz, bihotzerako onuragarria da, eta depresioaren aurkakoa. Ez dago gaizki. Baina gehiago ere badago.
Dieta hiperkalorikoa egiten duten arratoi lodiekin egindako esperimentu batean, resveratrolak dieta horren kaloria murriztaile moduan jokatzen duela baieztatu da. Konposatu horrek (resveratrolak) adipozitoak murrizten ditu, arratoien dieta koipekietan oso aberatsa izanda ere. Harrigarria!
Hurrengo pausoa dieta hipokalorikoetan resveratrolak berdin eragiten duen frogatzea zen, eta zera baieztatu zen, preadipozitoen (gero adipozitoak izango direnak) garapena eragotzi egiten duela. Beraz, ardo beltza neurriz edateak gantza pilatzea oztopatuko luke, eta ezin hobea litzateke gorputzeko pisua ez areagotzeko.
Beharbada, goizegi da oraindik ere pisurik ez hartzeko ardoa edatea gomendatzea, baina ez litzateke astakeria bat ardoa edatea (kopa bat edo bi egunean) gomendatzea osasunaren onerako.
Eta ardoa hain ona baldin bada, agian, laster medikutara joaten garenean errezetatu ere egingo digu. Baina generikorik ez, mesedez!!!
Eta, gainera, krisialdi larri honetan dirua aurreztuko dugu, alde batetik kolesterolaren kontrako pilulen kontsumoa jaitsi egingo delako, eta psikiatrarengana edo psikologoarengana joateko bisitak ere murriztu egingo direlako.
Gainera, gimnasiotik ere kentzekotan nago, eta diru hori ardo gozoetan gastatzekotan... Nork esango zidan niri duela urte batzuk ardoaren munduan murgiltzea erabaki nuenean hain mesedegarria izando zenik nire osasunerako, alde batetik, eta poltsikorako, bestetik?

2008/11/11

ARDOAREN EZKATAK


Australia dugu hizpide gaurkoan. Australia nazio handia da. Kanguruen erresuman ardo asko egiten da, eta ardo bikainak ere bai batzutan. Australiako ardoa mundu guztian zehar saltzen da, syrah edota cabernet sauvignon, garnatxa, semilloia, chardonnay eta abarrekin egindako ardoak. Baina gaur ez dut bertako ardoen kalitateaz hitz egin nahi. Aldizkari batean irakurri dudan berri batek jarri nau horren gainean.
Ictiocola, esturioien puxikatik ateratako produktu bat, erabiltzen omen dute Australian ardoak leuntzeko, ardoak izan ditzakeen gogorkeriak, berdetasunak moteldu eta belusaren sentipena lortzeko...
Australiako ardogileek egiten dutena zera da, produktu honen goilarakada bi bota hartzidura-ontzi bakoitzean; badirudi ez dela kantitate esanguratsua, baina bai eraginkorra, eta ardoak leuntzea eta ahoan atseginagoak izatea lortzen duela. Bestalde, garagardoa eta sagardoa iragazteko ere erabiltzen da ictiocola.
Orain arte Australiako ardogileek ez zuten zertan adierazi ardoaren etiketan, eta elikagaien inguruko araudi berriak ere ez ditu horretara derrigortzen, baina arrainez egindako ardoen inguruko eztabaida mahai gainean dago.
Upeltegi jabeek ez dute beharrezkotzat jotzen etiketetan ictiocola-ren berri ematea, ez delako kantitate esanguratsua euren iritziz.
Baina harrigarriena elikagaiei buruzko arauen inguruko agintarien jarrera da, araudiaren barruan salbuespen bat egitea erabaki dutelako ictiocola-rekin, kantitate txikia delako, alde batetik, eta ez dagoelako alergia arriskurik;,ardo litro asko edan behar omen direlako horretarako eta, agintarien iritziz, hori ez delako oso probablea.
Ni ez naiz sartuko orain ictiocola osasunarentzat kaltegarria gerta daitekeen ala ez eztabaidatzera, ez bainaiz horretan aditua, baina Australiako zein munduko beste edozein herrialdetako herritarrek eskubide osoa dute, nire ustez, ardo botila baten barruan, zein beste edozein elikagairen ontzi baten barruan dauden osagai guztiak zein diren jakiteko. Gero, bakoitzak erabakiko du zer egin ardo botila horrekin, erosi ala ez.
Merkaturatzen diren elikagai produktu guztiek osagaiak etiketan adieraztera behartuta daude, berdin behar lukete, beraz, ictiocola-k, lisozimak -arrautzatik ateratzen da eta ardogintzan erabilia-, albumina -hori ere ardogintzan erabilia-, lactitolak... eta beste hainbat eta hainbat produktuk.
Azaroan, lagun batzuekin geratuta nago, ardo australiar batzuk probatzera gonbidatu ditut eta. Hatzamarrak gurutzatuko ditut, eta ea legatz edo bixigu usainik ez den agertzen dozena erdi botila inguru horietan, eta, badaezpada ere, agertuko balitz, prest daukat ictiocola-ren inguruko hitzalditxo bat, ea baretzen ditudan adiskideok.

2008/11/03

MOXAL BASATIAREN BUKETA




Ardo dastaketa. Zer da? Ardo dastaketa bat egitea azterketa organoleptikoa egitea da, hau da, ardo baten balorazio kualitatibo bat egitea, zentzumenen bitartez soilik egin behar den balorazioa.
Ardo dastatze egokia egiteko, ezinbestekoak dira, alde batetik, esperientzia (usaimen memoria garatzeko) eta dastatzailearen egoera físiko ona; kontuan hartu katarro batek, adibidez, usainak eta zaporeak modu egokian jasotzea eragotziko lukeela.
Ardo dastaketa zenbait ezaugarri organoleptikoren deskribapen objetiboa emateko bada ere (kolorea, usaina, zaporea etab.), guztizko balorazioa beti izango da subjetiboa, dastatzaileek jasoko dituzten pertzepzioak desberdinak izango direlako, alde batetik, eta, bestetik, beti ez direlako berdinak izango.
Dastatzeko modu asko dago, helburuaren arabera. Gauza bera al da aldizkari batean publikatzeko dastaketa bat egiten denean, gida bat burutzeko dastatzen denean edota norberarentzako edo lagunekin ondo pasatzeko dastaketa bat egiten dugunean? Eta Jatorri Izena bermatzen duen kontraetiketa jasotzeko egiten ditugun kalifikazio dastaketak?
Askotan, dastaketa amaitu eta bertan jasotako inpresioak dastaketa ohar batean jasotzen dira. Dastaketa ohar horiek funtzionalak izan beharko lukete, batez ere beste batzuk haietaz baliatuko badira... Dastaketa oharra irakurri ondoren argi izan behar dugu dastatzailearen inpresioa, iritzi garbia. Ardoaren ezaugarriez gain, balorazio orokorra agertu beharko da, jakiteko dastatzaile jakin horrentzat ardoak ze balioa duen, ze inpresio duen, ezta?
Ba, egia esan, hori ez da gertatzen gehienetan: irakurtzen ditugun dastaketa fitxa guztiak dira oso antzekoak, ardo desberdinenak ere bai. Eta badago baita poetiko jartzen dena eta dastaketa fitxa idatzi beharrean olerki bat idazten duena ere. Begiratu, bestela, ardo baten dastaketa ohar hau:
«Arbeltx kolorea, arraza garbiaren itxurakoa. Sudurrean arimaduna, moxal basatiaren buketarekin eta, batez ere, misterioa, misterio ugari... Lehen ahokadan mendialdeko airea, malda-brisa, Mediterraneoko zuhaitza, akaziak, sastraza, estrepa, goi lautadako hariztia, arbel hezea...
Haren usain sakonak, amaigabeko amildegia, harritu egiten gaitu.
Baina ederrena ahoan sartzeko eta ahoaz jabetzeko duen gaitasuna da, polizoi batek itsasontzi batean egingo lukeen moduan.
Ahoan gazte sartzen da, harmoniko, alai, fresko... Ez da janariarekin hartu behar, bakardadean edan beharreko ardoa da, Jainkoaren laguntasunean edota gure beldurrik aitorrezinekin...»
Bufff, gehitxo, ezta?

2008/10/29

ARDO EROTIKOAK ETA PORNOGRAFIKOAK


Ardozale amorratuak garenoi enopatak ere esaten digute. Enopatok, ardoarekin zerikusia duen edozein liburu, aldizkari, webgune, irentsi egiten dugu... Ardo aurkezpenak, dastatze gidatuak, ardo azokak, upeltegietarako bisitak, edozein aitzakia da ona ardoari buruz hitz egiteko, ardoaren lurrinean murgilduta egoteko.
Webguneak aipatu ditut lehen. Haietariko batzuek solasguneak ere badituzte, eta bertan ibiltzen gara kuxkuxeatzen eta aldiro-aldiro gure iritziak botatzen. Baina foro horiek, batzuetan, erdi lotan moduan geratzen dira, eta ez da egoten eztabaidatzeko paradarik. Orduan, behin eta berriro eztabaidatuak izan diren gaiak jartzen ditugu mahai gainean: ardo indartsuak ala finak, onduak ala ondugabeak, beltzak ala zuriak, cava ala xanpaina, eta horrelakoak...
Pasa den astean, berriz, horietariko solasgune batean ari nintzela, zera planteatu zuen forokide batek, ardo monobarietalak, barietate bakar batez egindakoak, ala kupajea erabiliz egindako ardoak, zeintzuk diren atseginagoak, edo interesgarriagoak. Gaia ez da berria, ordea, sarritan hitz egin da, hitz egin dugu, horri buruz.
Nire ustez, upeltegiek monobarietalekin erakusten dute beren lan egokia, txukuna, zailagoa delako barietate bakar bati etekin guztia ateratzea eta errazagoa, berriz, barietate batek eta besteak ematen duenaz baliatzea. Borgoinako pinot noir handiak, Alemaniako rieslingak, Errioxa edo Dueroko Erriberako tempranilloak, Xerezeko palominoak... ardo monobarietal handiak daude, ezbairik gabe, baina ez al daude ardo izugarriak Bordelen ere, Errioxako barietate desberdinak nahasiz egindakoak, Portugalgoak? Batek esan zuen moduan: «Niri ardo onak gustatzen zaizkit, ondo egindakoak, monobarietalak zein nahastez egindakoak, alde bietan daudelako ardo handiak, izugarriak».
Baina eztabaidan parte hartzen ari zen solasguneko kide baten planteamenduak eragin zidan irribarrea. Bere hitzetan, «ardo monobarietalak emozio gehiago transmititzen du baina pasio gutxiago, indar gutxiago. Eta kupajez egindako ardoak, berriz, ardo pornografikoak dira. Imajinatu nerabe baten maitasuna, garbia, purua, bere nabardura erotikoekin, ez dena nabarmentzen bere boluptuotasunagatik baina bai bere sakontasun eta kontzentrazioagatik. Hori da monobarietal on bat, ondo egindakoa, purua eta identifikagarria. Gero, arnasa sakon hartu eta sinpletasun birjinal horiek guztiak (upeletan daudenak) hartu, koloreen leherketa boluptuosoan murgiltzen dituzu eta hara hor ardo liluragarria, pasionala, pornografikoa...».
Ni prosaikoagoa naiz, baina bitxia argudioa, ezta?

EMAKUMEEN SUDURRA


Ardoa modan dago. Ardoaz jakiteak edo zenbat dakizun erakusteak prestijioa ematen du, modernitate kutsua...eta orain arte gizonen mundua zela ematen bazuen ere gero eta emakume gehiagok parte hartzen du unibertso honetan, bai upategietan lanetan, somelier lanak egiten, prestijio handiko enologoak, enpresarioak eta baita ere, noski, zaletuen artean, ardo-dastaketetan etab. parte hartzen.
Erresuma Batuan, adibidez, emakumeek gizonek baino ardo gehiago kontsumitzen dute eta Japonian ardoa emakumeen edaria da, gizonek sakea eta koñaka edaten baitute.
Ez da hainbeste denbora iragan ordea “aditu” bati entzun niola esaten “emakumeei ardo gorriak eta pertsonalitate gabeko zuriak gustatzen zaizkie...eta ardo gozoak, noski”. Oraindik sutan jartzen naiz gogoratzen dudan bakoitzean.
Batzuen ustez emakumeek usaimen hobea dute gizonek baino. Ez dakit hau zientifikoki demostra daitekeen edo arrazoi fisiolojikorik dagoen hori baieztatzeko edo ez ote den izango azken finean jarrera kontua.
Eta batzuek gehiago zehazten dute oraindik ere kontua , interneten irakurri nuen moduan “emakumea, asiarra, hogeitamar urtekoa, asmatikoa eta haurdun dagoena; horiek dira munduan usaimen onena duten gizakiak”; gero hori demostratzeko ez zegoen inongo daturik baina ez didazue ukatuko bitxia dela benetan.
Haurdun dauden emakumeek sentsibilitate handiagoa dutela argi omen dago ez dakit zer aldaketa hormonal eta fisiolojiko tarteko...eta hilekoarekin ere sentsibilitatea handiagoa dela, estrogenoek ba omen daukate eta horretan zerikusia.
Duela urte pare bat estatu mailan antolatutako lehiaketa batean parte hartu nuen. Hamabi ardo dastatu behar genituen, etiketa gabe eta inongo daturik jakin gabe, jatorria, mahats mota, onduak ziren ala ez, upelean zenbat denbora eta zein upel motatan... asmatzen saiatu behar genuen. Ehun dastatzailek parte hartu genuen, hamar bat emakume tartean. Irabazlea emakumea izan zen eta hirugarren sailkatua ere bai.
Ez dut hortik ondoriorik atera nahi baina hori hor dago.
Datorrean hilean edo, beste horrelako lehiaketa batean parte hartuko dut ziurrenik eta estrategia argia daukat. Usaimenari dagokionean ez daukat zereginik ez bainaiz emakumea, asiarra, eta momentuz asmatikoa ere ez, gainera hogeitamar urte aspaldi bete nituen eta ez daukat inongo asmorik hilekoa noiz iritsiko zain egoteko.
Parte hartuko ote du hogeitamar urteko Asiako emakume, asmatikoa eta haurdun dagoen norbaitek ?

Ikusmenean eta dastamenean jarri beharko ditut, beraz, nire ahalegin eta ezaguera guztiak, jakin badakidalako usaimenean ez daukadala zereginik.



2007/03/24

Udaberria




Negua udaberriz mozorrotu zitzaigun eta orain udaberria iritsi da gure artera. Baina udaberriak negu aurpegia erakutsi digu. Aldrebestu zaigu, bada, dena.

Batera begiratu, bestera aurpegia, eta gero eta zauri gehiago...
Lehortea genuen duela bi egun, orain, ordea, uholdeak han eta hemen.

Horrela gertatzen dira gauzak gure mundu honetan, eta gu bitartean alde batera begiratuz, erabat despistaturik...eta bizitzak aurrera darrai, etengabe...

Baina etena ere iritsiko zaigu, ez kezkatu, iritsiko zaigu, gutxien espero dugunean.



2006/07/21

Udako ur tantak




Udako ur tantak gozoak dira, egun hauetako bero jasanezianak kixkaltzen gaituztenean behintzat.
Negu luze eta hezean gorrotatzen ditugun ur tanta horiek nahiko genituzke orain;
Fitok bere kantu eder horietako batean aipatzen duenez "...porque siempre estoy soñando, en invierno con el sol, con las nubes en verano"
Bitartean beste tanta batzuekin ametsetan jarraituko dugu eta benetakoak heltzen direnean biraoak eskainiko dizkiogu norbaiti, hori seguru.

2006/04/25

Urak baretu omen dira


Hala esaten dute dakitenek.
Urak baretu omen dira eta ni oraindik ez naiz konturatu.
Ilusioak piztu direla, bai, eta ni neu ere banago itxaropentsu, desioz beteta baina urak lehengo lekuan ikusten ditut oraindik, eta batzuetan zikinago, ilunago, kirats handiagoarekin...baina ziurrenik nire begiradaren arazoa izango da.