2011/05/17

JEAN LEON (UPATEGIAREN SORRERA)


La Scala jatetxean utzi genuen duela aste batzuk Jean Leon. Izugarrizko arrakasta lortu zuen han, Hollywoodeko artista guztiak ez ezik, AEBetako presidenteak ere izan zituen lagun, besteak beste John Kennedy, Gerald Ford eta Ronald Reagan. Jean Leon bera ere bere jatetxearekin batera pertsonaia eta fikziozko toki bihurtu ziren, eta hainbat best seller-etan agertu ziren.

Artean, Jean Leon oso ezaguna eta errespetatua zen AEBetako gastronomia zirkulu guztietan, baina zerbait zeukan oraindik ere egiteko. Afarietan, bazkarietan, oturuntzetan berak aukeratzen zuen beti ardoa, kontu handiz aukeratu ere. Ardoen alorrean ere ezagutza mailan oso prestigioduna izan arren, sarritan kexatzen zen ez zuelako ardo «perfektua», bere nahia eta gustua erabat asetuko zuen ardoa aurkitzen.

Eta orduantxe hasi zen bere bigarren abentura handia: ardo bat sortu, bere izena eramango zuena, ardo bakana eta berezia, bere lagunik maitatu eta preziatuenen ahotan jartzeko ardoa. Horretarako, lurrik onena, klimarik egokiena, mahatsondorik onenak eta, azkenik, ardoa egiteko prozesurik onena behar zituen.

Mundu guztian ibili zen lurrak bilatzen Kataluniara iritsi zen arte, eta han, Katalunian, Penedesen, aurkitu zuen bilatzen ari zen eremua. Jean Leonek egun zutik dirauen etxalde bat erosi zuen: pendiz txiki batekin eta hegoaldera ematen zuten 150 hektarea, lur buztintsu eta kareduna hain zuzen ere.

Jarraian, cabernet sauvignon, merlot eta chardonnay mahatsondo mentuak erosi zituen, denak ere Frantziako upategi onentsuenei, Chateau Lafitte-Rothscild, La Lagune eta Corton Charlemagne, besteak beste, eta dirutza izugarria ordainduz gainera.

Penedeseko mahastizainak harrituta zeuden Jean Leon bertoko mahatsondoak kendu eta beste ezezagun haiek landatzen ikusita.

Beraz, esan daiteke Jean Leon aitzindari izan zela penintsulan Frantziako mahatsondo berri horiek landatzen.

Upategia eraiki zuten, eta Jaume Rovira enologoari azken abantaila teknologikoak jartzeko eta kalitatearen aldetiko irizpiderik estu eta zorrotzenekin jokatzeko askatasun osoa eman zion.

Eta gaur egun ere Jaume Rovira da, orduan bezalaxe, enologiaren inguruko erabakien arduraduna, eta mahastietakoa ere bai, Jean Leon fundatzaileak nahi izan zuen modura.

Egun, Jean Leon upategia Torres talde boteretsuan barne dago.

Gogoratzen dut, ederki gogoratu ere, Verema Topaketaren bosgarren edizioan, 2008ko urtarrilaren 28an, larunbatean, Jaume Rovirak eta Miguel Torresek eman ziguten hitzaldia: Espainiar ardoak ingurune globalizatu batean. Hitzaldiaren ondoren, Jean Leon ardo batzuk gozatu genituen Jaume Roviraren eskutik, Jean Leon Gran Reserva 1979, Jean Leon Reserva 2001, Jean Leon Merlot 2003 eta Jean Leon Zemis 2000.

Pertsonaia zoragarri haren gorabeherak gogoratuz, taninoak, polifenolak, sentimenduak, denak dastatu genituen dastatze eder eta bitxi hartan...

JEAN LEON


Zein txikia den mundua. Euskal kulturaren inguruko ikastaro eder bat egiten, amaitzen esan beharko nuke agian, ari naiz. Hamabi irakasleko taldea osatzen dugu, eta tartean Belen. Belenek badaki ni ardozalea naizena, besteak beste ikastaroari errematea emateko dastatze txiki bat egiteaz arduratuko naizelako eta lagunak izaten hasiak garelako hainbeste ordu elkarrekin eman eta gero.

Gaur, tartetxo batean gerturatu egin zait, eta zera esan dit Belenek: «Badakizu? Nire aitaren lehengusu bat...», eta datuak ematen hasi denean, berehala konturatu naiz Jean Leon gizon bitxi eta apartari buruz ari zela... Urduri jarri naiz, ia-ia emozionatu ere egin naizela esango nuke. Moztu egin diot, eta aurrera jarraitzen utzi gabe boteprontoan bota diot: «Jean Leon, Jean Leonez ari zara...».

Eta bai, asmatu dut. Ezin nuen sinetsi. Ardozale batentzat Jean Leon zinemazale batentzat Robert de Niro edota literaturazale euskaldun batentzat Bernardo Atxaga edo Sarrionandia Sarri maitea aipatzea bezalakoa delako. Beharbada zuk, irakurle, ez duzu jakingo Jean Leon nor den, eta bere bizitza laburbiltzen saiatuko naiz.

Ceferino Carrion zen bere benetako izena, eta Kantabrian jaio omen zen, 1928an. Hemeretzi urterekin maleta hartu, eta ia dirurik gabe lehendabizi Parisa abiatu zen, eta gero New Yorkera, polizoi, merkatalontzi batean. New Yorken Rockefeller Centerreko klub batean platerak jasotzen aritu zen, baina paperak ez zituenez, ez zen bertan geratu, eta AEBak osorik zeharkatu zituen, ekialdetik mendebaldera, Hollywoodera iritsi arte. Han, bere bizitza erabat aldatuko zen. Liluratuta geratu zen hango glamourrarekin, eta bere egoera legeztatzeko, armadan eman zuen izena, boluntario, Koreako gerra tarteko. Bi urtera, amerikar herritartasuna lortu zuen, eta izena aldatu zuen Hollywoodeko artisten antzera. Jean Leon zen.

Kasualiate huts batengatik Villa Capri jatetxean, orduko luxuzkoenetarikoan, zerbitzari hasi zen lanean. Besteak beste, Frank Sinatra eta Joe di Maggio, beisbol jokalaria ziren bertako nagusiak. Garai horietan, lagun asko egin zituen: Grace Kelly, Natalie Wood, Judy Garland...

James Deanen lagun handia egin zen, eta biek elkarrekin negozio bat irekitzea pentsatu zuten, Hollywoodeko jatetxerik luxuzkoena: La Scala, Beverly Hillsen.

Baina, bat batean, James Dean hil egin zen, eta Jean Leon erabat lur jota geratu zen, lagun handiak zirelako eta Deanek haren semearen aitabitxia izan behar zuelako. Hala eta guztiz ere, proiektuarekin aurrera jarraitzea erabaki zuen, eta, horretarako, 3.500 eurotako mailegua eskatu eta 1956ko apirilaren 1ean La Scala inauguratu zuen.

Hamabost egun barru kontatuko dizuet Jean Leonek ardoarekin zer-nolako harremana duen...