2008/11/24

LURRIKARAK ETA HOTZIKARAK
Udako oporren aurretik krisialdiari buruz asko hitzegin zen, baina oporretatik itzulitakoan hasi gara bebenetan nabaritzen lurrikararen dardarak, ekonomia eta finantza krisialdia dela-eta dardarka jarri baitira gure barruak. Autogintza eta etxegintza aipatzen ziren, baina krisia globala dela, eta bazter eta zoko guztietara heldu dela, edo helduko dela, argi geratu zaigu. Ardoaren alorrera eta inguruko industria eta negozioetara ere iritsi da, noski.
Ardoaren munduan eta etxegintzan gertatu dena, neurri handi batean, gauza bera izan da, gehiegikeriaz jokatu dela, alegia. Milaka eta milaka etxe eraiki dira, milaka eta milaka miloi gastatu dira upategi berriak egiten, izugarrizko upategiak, arkitekto famatuenekin, han eta hemen. Gehiegi.
Eta arrazoiak komunak badira ere, ardoak baditu berariazko arrazoiak ere krisia jasateko. Eta arrazoiak ez dira egoeraren araberakoak, neurri batean, egiturak eragindakoak baino. Upategietan ez da inbertitzen promozioan, marketinean. Upategi gehienetan ez da euren aurrekontuetan ganorazko diru kopururik jartzen arlo hauetan, promozioan, marketinean, hain zuzen ere.
Upategiak salgai daude han eta hemen. Maizegi entzuten dugu, aspaldi honetan, upategi hau edo beste hori saldu egin dela, beste hura ez dakit nork erosi duela... Eta ez da hainbeste denbora igaro ere mahastiak salgai aurkitzea ia-ia ezinezko zeregin zitzaigunetik, eta, orain, aldiz, salgai daude han eta hemen, nonahi... Nahiko adierazgarria.
Koben, Japonian, gertatukoa beste mota bateko lurrikara izan zen. 1995ean gertatu zen, urtarrilaren 17an , zehazki.Jean-Claude Terdjemane munduko somelierrik ezagunenetarikoa eta abenturazalenetarikoa dugu. Hark kontatzen duenez, Kobe hiriko bere lagun bat Japonia osoko Romanée Conti botila bildumarik handien eta apartekoenaren jabe zen.Terdjemani deitu zion ospakizun batean ardo horien zerbitzatze lanak antolatu eta burutzeko. Jende boteretsu eta ospetsua.
Deia jaso eta bost egun geroago, Kobeko lurrikara entzutetsua gertatu zen. Terdjemanen lagunak hirurogei urtean osatutako botila bilduma osoa zapuztuta geratu zen erabat. Hain izen mitikoa zeramaten berrehun eta berrogeitamar botila bat-batean desagertuta... Botilen jabearentzat, Hiroshima eta Nagasiko ezbeharraren parekoa izan zen... hotzikarak sentituko zituen, seguru.
Hotzikarak sentitu ditut, nik neuk ere, berria ez den arren, berriro irakurri dudanean Vega Sicilia, Abadía Retuerta eta beste upategi batzuetako lurrak (mahastiak) desjabetzeko asmoarekin jarraitzen dutela Duero Erriberan egiteko asmoa duten autobide proiektua aurrera eramateko. Harrigarria!

2008/11/17

KOLESTEROLA, DEPRESIOAK ETA DIETAK


Aspaldi honetan askotxo hitz egin da ardoak osasunerako dituen eragin onuragarriei buruz. Badirudi ardoa edari osaungarria bilakatzen ari zaigula. Ez da gauza berria ardoak, beltzak batez ere, gaixotasun kardiobaskularrak aurrezaintzeko duen gaitasuna, ezta bihotzaren funtzionamenduari egiten dion onura ere, betiere neurriz edaten bada. Onura hori ardoak dituen polifenolei eta resveratrolari (antioxidatzaileak) esker lortzen da.
Baina, gainera, depresioaren aurkakoa ere badela dio Psikiatriako katredadun eta Ardoa eta Nutrizio Ikerketarako Fundazioko presidente Enrike Rojasek. Hain zuzen ere, zera dio, 11-13 graduko kalitateko ardoa, neurriz edanez gero, elikagai bat dela, baina antidepresibo bat ere. Komunikatzeko eta pentsatzeko gaitasunak areagotu egiten dituela.
Badirudi depresioa burmuinak serotonina hartzeko (atzemateko) duen gaitasunarekin lotuta dagoela, eta badaudela elikagai batzuetan zenbait substantzia natural serotonina hori atzematen laguntzen dutenak. Eta ez da ahaztu behar, ardoak, beste gauza batzuen artean bere eragin lasaigarriei esker (alkohola dela medio), depresioaren atariko diren arazoak erlatibizatzen eta antsietate egoerak baretzen laguntzen duela. Beraz, bihotzerako onuragarria da, eta depresioaren aurkakoa. Ez dago gaizki. Baina gehiago ere badago.
Dieta hiperkalorikoa egiten duten arratoi lodiekin egindako esperimentu batean, resveratrolak dieta horren kaloria murriztaile moduan jokatzen duela baieztatu da. Konposatu horrek (resveratrolak) adipozitoak murrizten ditu, arratoien dieta koipekietan oso aberatsa izanda ere. Harrigarria!
Hurrengo pausoa dieta hipokalorikoetan resveratrolak berdin eragiten duen frogatzea zen, eta zera baieztatu zen, preadipozitoen (gero adipozitoak izango direnak) garapena eragotzi egiten duela. Beraz, ardo beltza neurriz edateak gantza pilatzea oztopatuko luke, eta ezin hobea litzateke gorputzeko pisua ez areagotzeko.
Beharbada, goizegi da oraindik ere pisurik ez hartzeko ardoa edatea gomendatzea, baina ez litzateke astakeria bat ardoa edatea (kopa bat edo bi egunean) gomendatzea osasunaren onerako.
Eta ardoa hain ona baldin bada, agian, laster medikutara joaten garenean errezetatu ere egingo digu. Baina generikorik ez, mesedez!!!
Eta, gainera, krisialdi larri honetan dirua aurreztuko dugu, alde batetik kolesterolaren kontrako pilulen kontsumoa jaitsi egingo delako, eta psikiatrarengana edo psikologoarengana joateko bisitak ere murriztu egingo direlako.
Gainera, gimnasiotik ere kentzekotan nago, eta diru hori ardo gozoetan gastatzekotan... Nork esango zidan niri duela urte batzuk ardoaren munduan murgiltzea erabaki nuenean hain mesedegarria izando zenik nire osasunerako, alde batetik, eta poltsikorako, bestetik?

2008/11/11

ARDOAREN EZKATAK


Australia dugu hizpide gaurkoan. Australia nazio handia da. Kanguruen erresuman ardo asko egiten da, eta ardo bikainak ere bai batzutan. Australiako ardoa mundu guztian zehar saltzen da, syrah edota cabernet sauvignon, garnatxa, semilloia, chardonnay eta abarrekin egindako ardoak. Baina gaur ez dut bertako ardoen kalitateaz hitz egin nahi. Aldizkari batean irakurri dudan berri batek jarri nau horren gainean.
Ictiocola, esturioien puxikatik ateratako produktu bat, erabiltzen omen dute Australian ardoak leuntzeko, ardoak izan ditzakeen gogorkeriak, berdetasunak moteldu eta belusaren sentipena lortzeko...
Australiako ardogileek egiten dutena zera da, produktu honen goilarakada bi bota hartzidura-ontzi bakoitzean; badirudi ez dela kantitate esanguratsua, baina bai eraginkorra, eta ardoak leuntzea eta ahoan atseginagoak izatea lortzen duela. Bestalde, garagardoa eta sagardoa iragazteko ere erabiltzen da ictiocola.
Orain arte Australiako ardogileek ez zuten zertan adierazi ardoaren etiketan, eta elikagaien inguruko araudi berriak ere ez ditu horretara derrigortzen, baina arrainez egindako ardoen inguruko eztabaida mahai gainean dago.
Upeltegi jabeek ez dute beharrezkotzat jotzen etiketetan ictiocola-ren berri ematea, ez delako kantitate esanguratsua euren iritziz.
Baina harrigarriena elikagaiei buruzko arauen inguruko agintarien jarrera da, araudiaren barruan salbuespen bat egitea erabaki dutelako ictiocola-rekin, kantitate txikia delako, alde batetik, eta ez dagoelako alergia arriskurik;,ardo litro asko edan behar omen direlako horretarako eta, agintarien iritziz, hori ez delako oso probablea.
Ni ez naiz sartuko orain ictiocola osasunarentzat kaltegarria gerta daitekeen ala ez eztabaidatzera, ez bainaiz horretan aditua, baina Australiako zein munduko beste edozein herrialdetako herritarrek eskubide osoa dute, nire ustez, ardo botila baten barruan, zein beste edozein elikagairen ontzi baten barruan dauden osagai guztiak zein diren jakiteko. Gero, bakoitzak erabakiko du zer egin ardo botila horrekin, erosi ala ez.
Merkaturatzen diren elikagai produktu guztiek osagaiak etiketan adieraztera behartuta daude, berdin behar lukete, beraz, ictiocola-k, lisozimak -arrautzatik ateratzen da eta ardogintzan erabilia-, albumina -hori ere ardogintzan erabilia-, lactitolak... eta beste hainbat eta hainbat produktuk.
Azaroan, lagun batzuekin geratuta nago, ardo australiar batzuk probatzera gonbidatu ditut eta. Hatzamarrak gurutzatuko ditut, eta ea legatz edo bixigu usainik ez den agertzen dozena erdi botila inguru horietan, eta, badaezpada ere, agertuko balitz, prest daukat ictiocola-ren inguruko hitzalditxo bat, ea baretzen ditudan adiskideok.

2008/11/03

MOXAL BASATIAREN BUKETA




Ardo dastaketa. Zer da? Ardo dastaketa bat egitea azterketa organoleptikoa egitea da, hau da, ardo baten balorazio kualitatibo bat egitea, zentzumenen bitartez soilik egin behar den balorazioa.
Ardo dastatze egokia egiteko, ezinbestekoak dira, alde batetik, esperientzia (usaimen memoria garatzeko) eta dastatzailearen egoera físiko ona; kontuan hartu katarro batek, adibidez, usainak eta zaporeak modu egokian jasotzea eragotziko lukeela.
Ardo dastaketa zenbait ezaugarri organoleptikoren deskribapen objetiboa emateko bada ere (kolorea, usaina, zaporea etab.), guztizko balorazioa beti izango da subjetiboa, dastatzaileek jasoko dituzten pertzepzioak desberdinak izango direlako, alde batetik, eta, bestetik, beti ez direlako berdinak izango.
Dastatzeko modu asko dago, helburuaren arabera. Gauza bera al da aldizkari batean publikatzeko dastaketa bat egiten denean, gida bat burutzeko dastatzen denean edota norberarentzako edo lagunekin ondo pasatzeko dastaketa bat egiten dugunean? Eta Jatorri Izena bermatzen duen kontraetiketa jasotzeko egiten ditugun kalifikazio dastaketak?
Askotan, dastaketa amaitu eta bertan jasotako inpresioak dastaketa ohar batean jasotzen dira. Dastaketa ohar horiek funtzionalak izan beharko lukete, batez ere beste batzuk haietaz baliatuko badira... Dastaketa oharra irakurri ondoren argi izan behar dugu dastatzailearen inpresioa, iritzi garbia. Ardoaren ezaugarriez gain, balorazio orokorra agertu beharko da, jakiteko dastatzaile jakin horrentzat ardoak ze balioa duen, ze inpresio duen, ezta?
Ba, egia esan, hori ez da gertatzen gehienetan: irakurtzen ditugun dastaketa fitxa guztiak dira oso antzekoak, ardo desberdinenak ere bai. Eta badago baita poetiko jartzen dena eta dastaketa fitxa idatzi beharrean olerki bat idazten duena ere. Begiratu, bestela, ardo baten dastaketa ohar hau:
«Arbeltx kolorea, arraza garbiaren itxurakoa. Sudurrean arimaduna, moxal basatiaren buketarekin eta, batez ere, misterioa, misterio ugari... Lehen ahokadan mendialdeko airea, malda-brisa, Mediterraneoko zuhaitza, akaziak, sastraza, estrepa, goi lautadako hariztia, arbel hezea...
Haren usain sakonak, amaigabeko amildegia, harritu egiten gaitu.
Baina ederrena ahoan sartzeko eta ahoaz jabetzeko duen gaitasuna da, polizoi batek itsasontzi batean egingo lukeen moduan.
Ahoan gazte sartzen da, harmoniko, alai, fresko... Ez da janariarekin hartu behar, bakardadean edan beharreko ardoa da, Jainkoaren laguntasunean edota gure beldurrik aitorrezinekin...»
Bufff, gehitxo, ezta?