2010/11/15

SAYAGO (830)


Egia da, beharbada, krisialdi larri honetan interesgarria dela ardo onak prezio onean aurkitzea. Eta hori da Sayago (830) 2006arekin gertatzen dena. Baina ardo hori krisi garaietako ardo interesgarria baino zertxobait gehiago ere bada, eta, nire ustez, asko hitz egingo da gerora ere hari buruz. Momentu honetan ardoa oso adierazkorra da, fruta nabarmenarekin, freskotasunez betea, bizia erabat, eta upelaren ukitua bigarren maila batean, lagungarri besterik ez.... Dehesa de Cadozos upategia berria da. Bermillo de Sayagon (Zamora, Espainia) dago, Dueroko Arribesetatik 30 bat kilometrora. Mahastia 1.700 hektareako lursail izugarri batean dago; abeltzaintzan jarduten dira han, eta azken aspaldi honetan ehizarako ere aprobetxatzen dute. Duela hamar bat urte sailaren jabetza duen familiak zortzi hektarea mahasti landatu zituen. Lursail honetan ez zegoen mahatsa landatzeko ohiturarik, tradiziorik, baina, altuera kontuan izanik -etiketan agertzen den 830-, lurrak limo hareatsuak eta tenperatura freskoak, tenpranilloaz gain, pinot noir pixka bat ere landatzea erabaki zuten, nahiz eta askok eta askok ez zuten bere garaian ulertu. Urteek arrazoia eman diete. Borgoinako eta Champagneko mahats izugarri bezain delikatu eta zail horrek klima freskoak ditu gogoko, eta oso mahastizaintza lan zorrotzak eta sakonak eskatzen ditu. Hori dela eta, ez da Bordeleko cabernet sauvignon mahatsa bezain salgarria, eta urte askotako lanak eta ahaleginak egin behar izan dira beste herrialde batzuetan ere maila dexentea eman zezan, besteak beste, Zeelanda Berrian, Oregonen eta Kaliforniako zenbait tokitan (AEB). Espainian egin dira saioak, baina, egia esan, emaitzak ez dira oso pozgarriak izan... Hango klima beroa da, eta ez du ematen lekurik egokiena mahats mota hori landatu, eta aurrera duintasunez ateratzeko; horregatik da, agian, hain deigarria Sayago horrek izan duen emaitza tenpranilloarekin nahastuz -%85 tenpranilloa eta %15 pinot noir-a-. Gainera, pinot noir mahatsak duen ukitu monastikoa ere badarama upategiak. Upategi txiki hori eraikitzeko, sailean zegoen XVII. mendeko abadia zahar eta latz bat berregokitu baita. Eta ardoei dagokienez, Dehesa de Cadozos ere egiten dute, baina gaur Sayago (830) 2006 nabarmendu nahi dut, lehen aipatu dudan moduan tenpranillo eta pinot noir mahatsez osatua; gero, hamairu hilabete pasatu ditu Frantziako upeletan. Oso ardo zuzena, freskoa eta frutaduna da, eta hamar euroan-edo aurki daiteke. Beraz, oso gomendatzeko modukoa pinot-ak duen ukitu berezi hori dastatu nahi izanez gero.

2010/11/02

KLIMA ALDAKETA?




Duela hiru bat urte, agian zertxobait gehiago, Gregory Jones (Southern Oregon University), Michel A. White (Utah State University), Owen R. Cooper (University of Colorado) eta Karl Storchmann (Yale University) zientzialariek osatzen duten taldeak Klima aldaketa eta ardoaren kalitate globala ikerketa egin zuten 1949. eta 1999. urteen arteko tenperaturak aztertuz eta etorkizunerako zenbait aurreikuspen eginez. Ikerketaren helburua klima aldaketak ardoaren kalitatean zer eragin izan duen aztertzea izan zen. Horretarako, munduko hainbat ardo eremu aztertu ziren, besteak beste, Frantziako zortzi eskualde, Ameriketako zazpi, Australiako hiru, Italiako hiru, Alemaniako, Espainiako (Errioxa), Txileko, Hegoafrikako eta Portugalgo bana, azken hori bitan zatituta, iparraldea eta hegoaldea. Horietako gehienetan 1950. eta 1999. urteen artean tenperaturak mahatsaren garapen eta heltze sasoian gora egin zuela baieztatu zen. Beroaren igoera horrek ardo txarragoak dakartza? Bada, ez derrigorrez, eta ez kasu guztietan. Badirudi XX. mendean izandako berotze horrek mundu osoko kalitateko ardoen produkziorako onuragarria izan zela. Baina ez da erraza klima aldaketak ekarriko dituen ondorioak asmatzea, badirudi eragina nahiko heterogeneoa izango dela, mahatsen eta eskualdeen arabera. Badirudi azkenaldi honetan ardo eskualderik freskoenak, klima kapritxoen menpe daudenak, uztaldi irregularragoak izaten dituztenak, izan direla gehien eskertu dutenak klima aldaketa hori. Bordelen, adibidez, uztaldi bikainak ugariago gertatu dira, Champagnen antzeko zerbait jazo da, eta Alemaniako rieslingek laguntza gehigarri bat jaso dute berotasun horrekin, eta kritikari eta kontsumitzaileen interesa berreskuratu dute Eta duela urte batzuk pentsaezina bazen ere, Erresuma Batuan, adibidez, ardo apardunen arloan zertxobait egiten ari dira, gauza interesgarriak. Ikerketaren arabera, hurrengo 50 urteetan batez besteko 2 graduko igoerak aldaketak ekarriko ditu, eremu freskoetan zein beroetan. Ikerketak dioenez, «beharbada 2049rako egungo ardo motak ekoiztea izugarrizko erronka izango da edo, agian, ezinezkoa». Antza, arriskurik handiena eremu beroetan dago, tenperatura igoerak asko zaildu, edo beharbada ezinezko bihur dezakeelako mahastiak modu egokian landatzea. Besteak beste, Australiako Hunter Valley eta Barrosa Valley, Portugal eta Kaliforniako hegoaldea aipatzen dituzte. Eta arazorik larriena, alkohol potentzial handiagoa eta azidotasun txikiagoko mahatsak egongo direla izan daiteke. Baina hori guztia ikusteko dago.