2009/06/24

TELMORENAK


Enologia ikasi zuen Bordelen eta Prats familiaren (Cos D'Estournel eta Petit Village) upategietan eman zituen hiru urte lanean. Gero Rodano Haranean jarraitu zuen bere prestakuntza, Chave edo Trevallon izen garrantzitsuekin. Rodanon izan omen zen ardo arimadunak kontzeptua erabiltzen hasi zen tokia. Telmo definitzeko, inork erabili du enologo hegalaria ideia, baina hori baino gehiago da nire ustez. Bereak dira proiektuak eta horietan aritzen da buru-belarri. Telmo eta haren aita Jaime izan ziren Granja de Nuestra Señora de Remelluriren bultzatzaileak. Remelluri izan zen Bordeleko filosofia jarraituz, chateau-en parametro klasikoenak jarraituz eratutako lehenengo upategia, beren mahastiez inguraturik. Mahastia oinarri duen ardoa, garai hartan oso arrunta ez zena Penintsulan zehar. Urte batzuk Remellurin eman ondoren familiaren upategia utzi eta bere ardo propioak egiteko abenturan murgildu zen. Horretarako, Compañia de Vinos Telmo Rodriguez sortu zuen. Ardoak ditu han, eta hemen hori ikusiko dugu. Duero inguruan Rueda jatorri izeneko Basa egiten du. Batez ere verdejo mahatsarekin, baina viura eta sauvignon blanc pixka batekin ere bai. Eta Duero Erriberakoak, jakina. Gazur, urtekoa, merkea, eta Valderiz. Valderiz ez da, berez, konpainiaren ardoa Esteban familiarekin elkarlana (joint-venture) baino. Valderiz ondo egina da, eta nahiko komertziala. Matallana ardoa 1999ko uztarekin agertu zen lehen aldiz, eta berau da Duero Erriberako Telmoren lur eremuko ardoa. Oso espeziatua eta konplexua, ederra. Toron hiru ardo ditu. Dehesa Gago, upeletik pasagabeko ardoa, zuzena, fruta usainekoa eta garbia. Toroko bigarrenak Gago du izena. Upelean ondutakoa da. Aurrekoa baino boteretsuagoa, fruta ugariarekin eta konplexuagoa. Eta izarra, Pago La Jara. Sudurrean erakusten duena bitxia da, txokolatea, grafitoa, ikatza, fruta beltza... nortasun handikoa, originala. Oso botila gutxi egiten dira. 50-60 urteko txertatu gabeko mahastiak erabiltzen dira. Errioxan Lanzaga eta Altos de Lanzaga egiten ditu. Lanzaga xumeagoa da, baina Altos de Lanzaga handia da. Sudurrean baino ahoan erakusten ditu hobeto bere ezaugarriak, minerala, piperbeltz ukitua, ahaltsua baina fina eta dotorea. Mahastiek badituzte laurogei urte inguru. Oso botila gutxi egiten dituzte. Baina izarra, agian, Malagan egiten duen Molino Real moskatela da. Harrigarria da, mahatsak eguzkitan lehortzen utzita - egiten den ardoa. Esnekiak, ereinotza, espeziatua... nortasun handiko ardoa, gozotasunaren eta azidotasunaren arteko oreka erakusten duena. MR moskatela ere egiten du, apalagoa, upelean ondu gabe. «Orain denak saiatzen dira ardo ahaltsuak egiten, kontzentrazio eta prezio handiekin. Ni, ordea, erraz edateko ardoak egiten saiatzen naiz, finagoak eta merkeagoak. Zenbat ardo merke eta nortasunarekin ezagutzen dituzu? Ba, hori egiten saiatzen naiz ni». Uda ona izan dezazuela.

2009/06/15

LOIRE, GAZTELUAK ETA ARDOAK


Aste osoan ardo foro batean ardoen mineraltasunari buruz eztabaidatzen aritu dira. Norbaitek Silex ardoa aipatzen zuen mineraltasunaren paradigma moduan. Silex ardoak Loire ekarri dit burura, Loireko ardo handiak eta interesgarriak. Bordele, Champagne, Borgoina eta Rodanokoak baino ezezagunagoak baina oso interesgarriak. Loireko Haranak aniztasun handia erakusten du ardoei dagokienez, 63 jatorri izen desberdinekin. Ardo zuriak, beltzak, gorriak, gozoak, apardunak... denetarik egiten da Loireko Haranean. Lau eskualde nagusi bereiz daitezke Loiren: Pays Nantais, Anjou-Saumur, Touraine eta Erdialdeko Loire eta Loire Garaia. Eremu horiek guztiek ez dute beren arteko inongo loturarik, ibaia baita lotura bakarra. Anjoun beltzak eta gorriak nabarmentzen dira, ardo zuri lehorrak Nantaisen, Touraineko aniztasuna gozoak, moelleux, gordetzeko ardoak edo gazteak, apardunak, denetarik dago hemen... Oro har, ekoizpenaren aldetik %50 ardo zuriak dira, %29 beltzak, gorriak %13 eta apardunak %8. Erabiltzen diren mahats nagusiak: Melon de Borgoña muscadet ardoa ematen duena. Folle Blanche (gure Mune mahatsa) gros plant ematen duena. Sauvignon Blanc, Sancerres, Poully Fumes, Reully, Quince, Menetou Salonen. La Chasselas Poully Sur Loiren. Chenin Blanc, pineau de la Loire ere deitua Saumur ardoak ematen dituena, Coteaux du Loire eta Touraineko ardo zuri gehientsuenak ematen dituena. Ardo lehorrek azidotasuna dute ezaugarri nagusia, eta gorputzari dagokionez nahiko arinak dira, beraz, egungo gustuengandik nahiko urruti daude. Janariarekin edateko oso egokiak dira, eta, gainera, prezioaren aldetik nahiko interesgarriak. Ardo gozoak, botrytisak jotakoak gehienak, oso koipetsuak eta iraupen handikoak izaten dira, baina klimak zerikusi handia izaten du eta urtearen arabera alde handiak izaten dira. Lau eskualdeetan zer dagoen ikusiko dugu, azaletik baino ez bada ere. Pays Nantais: Hemen muscadet ardoa da nagusi. Sevre et Maine, Couteaux de la Loire; Cotes de Grand Lieu eta Muscadet generikoa dira jatorri izen azpimarragarrienak. Domaine de Beauregard; Domaine de l'Ecu; Chateau la Ragoutiere, eta Domaine Chereau Carre dira ekoizle nagusiak. Anjou-Saumur: Bere ardo gorriak oso ezagunak dira, baina benetan arrakastatsuak mundu osoan Chenin blanc mahatsarekin egiten diren moelleux ardoak dira zalantzarik gabe. Coteaux de Layon (Baumards, Passavant...), Quarts de Chaume (Baumards, Godineau...), Bonnezeaux ( Febles, Gauliers...) eta Savennieres, Coulee de Serrant eta La Roche aux Moines lur sailekin eta Joly, Baumard ekoizleekin... dira jatorri izenak. Touraine: Vouvray, Bourgueill, Chinon, Coteaux du Loire dira eskualde honetako jatorri izenak. Erdialdeko Eskualdea: Sancerre (Giton, Crochet...), Poully Fume (Didier Daguenau, Blondelet...), Poully sur Loire eta Le Berry dira jatorri izenak.







PETRUS ESKLUSIBOA


Petrus munduko ardorik entzutetsuena da, Borgoinako Romanee Conti eta Sauterneseko Château D'Yquemekin batera. Upategiaren izen ofiziala Château Petrus den arren, etiketan Petrus agertzen da bakarrik, beharbada ez dagoelako château-rik, jauregirik... upategiak aletegi bat ematen du eta ez château bat. Petrus ardo beltza da. Bordeleko Pomerol eskualdeko ardoa. Merlot mahatsa da nagusi, eta cabernet Franc pixkabat ere eraman dezake.

Petrus ardo honen handitasunak ez du sekreturik. Lehengaia, lurra, klima eta etekinen kontrola dira arrakastaren gakoak.

Mahastien arduraduna Christian Moueix da. Moueixen aginduen arabera, mahatsondo bakoitzetik zortzi bat mahats mordo baino ezin dira hartu, gutxiago ere ez ardoa tanikoegia bilakatu daiteke eta. Mahatsondoen batez besteko adina berrogeitabost urtekoa da, eta banan-banan birlandatzen dira hirurogeita hamar urte betetzen dutenean. Hamaika hektarea eta erdi dira.

Lur saila apartekoa da:urdin koloreko buztinezko lur poltsa bat Petruseko mahastia osatzen duen legar eremuan. Dentsitate handiko buztina, gogorra, belaki baten antzera landareen eta lurraren hezetasuna erregulatzen duena. Zorupean, berriz ere legarra eta burdin asko duen buztina, haren izaera aparta areagotzeko.

Petrusen historiak berrehun urte baino gehiago ditu, baina Bigarren Mundu Gerraren amaieran hasi zen ezagun izaten. Orduan erosi zuten gaur egungo jabeek, Lacoste-Loubat eta Moueix familiek. Mahats bilketa eguerdi ostean hasten da beti, goizeko hezetasuna ekiditeko. 1971z geroztik egiten dute, gainera, udako kimaketa, milaka eta milaka mahats kilo lurrera boteaz...

Gauza bitxi moduan, inoiz helikopteroak ere erabili izan dira aire korronteak sortzeko, mahatsa lehortzeko, mahastietan berogailuak jarri izozteak sahiesteko, mahastiko zorua plastikoz estali mahats-biltzeko sasoian euriak ekiditeko...

Urtean 40.000 bat botila egiten dira, baina urte batetik bestera izugarrizko aldaketak izan daitezke. Urte zailetan, hautaketa hain zehatza egiten denez, sarritan gertatu izan da 15.000 botila baino ez egin ahal izatea. Petrus Jean-Claude Berrouet enologoak egiten du, baina 2007 geroztik haren seme Olivier Berroueten esku geratu zen ardura hori.

Petrus oso ardo esklusiboa da, eta, beraz, oso garestia. Merkeenak 700 euro balio dezake, eta, hortik gora, 15.000 eta 20.000 eurotan ere aurki daitezkee, 1961ekoa adibidez... Nik ez dut sekula Petrusik edan. Norbait gonbidatzeko prest badago, 1989, 1994 edo 1995 ko batekin konforme geratuko naiz.








2009/06/05

OLIBONDOAREN BABESEAN


Duela bi urte pasatxo, Jesus Madrazok, Viñedos del Continoko enologoak, Viña del Olivo ardoaren dastaketa bat zuzendu zuen Valentzian. Upategiak 1995az geroztik egindako ardoak ziren, hain zuzen ere. Beraz, hamar ardo Viña del Olivokoak. Madrazok hamar ardoak deskribatu eta definitu zituen, maixuki egin ere. Baina hori gero ikusiko dugu.

Azal dezagun, hasteko, zer den Viña del Olivo. Viñedos del contino upategiko ardorik handiena, dotoreena, konplexuena, borobilena... eta, asko esatea bada ere, nik dastatu dudan ardorik onenetarikoa. Baina koka dezagun ardoa eta upategia.

1973an, CVNE eta lur sailaren jabearen familiaren eskutik jaio zen Viñedos del Contino, château kontzeptua bereganatu zuen lehen Errioxako upategia. Aitzinako etxe bat eta horren inguruan 62 hektarea mahasti zeuden Sernan, Biasteriko lurretan Ebro ibaiaren meandro batean kokaturik. Upategiak izen hori dauka Pedro de Samaniegorengatik, Errege-Erregina Katolikoen eta horien familiari etengabeko zaintza ematen zioten ehun errege-erregin guardiatako bat zelako.

Continoren Viña del Olivo ardoa, Olivo deritzon lur saileko mahatsen aukeraketaren ondorioa da. 1.000 urtetik gora dituen olibondoa dago lur horretan. Esan daiteke, inongo zalantzarik gabe, Viña del Olivo lur eremuko ardoa dela. Mahasti jakin baten isla dela, bertoko mahats motena eta, era berean, kareharriz osatutako lur sail horrena.

Tempranillo eta gracianoaren nahastea da Olivo, eta urtearen arabera erabakitzen da gracianoaren portzentajea, betiere tempranilloaren menpe, %80-%90a gutxi gorabehera.

Hartzidura malolaktikoa haritz frantziar berrietan egiten bada ere, ontzea upel frantziar, amerikar eta hungariarretan burutzen da, hogei hilabetean gutxi gorabehera eta urtearen arabera. Gero, beste urtebete igaroko du botilan, erredukzio prozesua egiteko.

Dotorea, fina, konplexua, mahatsaren heldutasun momentu ezin hobea erakutsiz, freskoa, luzea, ahaztezina... hori bai, urte bakoitzak bere ezaugarriak uzten ditu ardoan, eta urtero-urtero Olivo desberdin bat dugu.

Labur-labur ikusiko dugu Madrazok nola definitzen dituen horietako batzuk:



Olivo 1995. Ardo teknologikoa. Hasierakoa, aintzindaria.

Olivo 1996. Konfirmazioa. Errebelazioa. Errioxako handienen artean sartzen hasi zen. Askorentzat Continoren urterik handiena, bikaina.

Olivo 1999. Aldaketaren ardoa. Madrazo izendatu dute zuzendari teknikoa, eta lehen Olivoa dela esan daiteke.

Olivo 2000. Barnerakoia. Agertu eta desagertu egiten da, momentuaren arabera. Seguruenik lurra hobeto islatzen duen ardoa.

Olivo 2001. Kanporakoia, zabala. Oso orekatua eta borobila, baina ez 1996koa bezain dotorea.

Olivo 2004. Handia. Gordetzeko. Beharbada urte batzuen buruan, handiena.

Mahats eta lur bikain baten isla da Viña del Olivo, urtez urte. Eta enologo handi baten lan bikainarena, Jesus Madrazorena.