2011/11/22

COLET-NAVAZOS



Navazos taldekoak, Jerez, Sanlucar de Barrameda, Puerto de Santa Maria eta Kordobako Montilla inguruetako altxorrak aurkitu eta berreskuratzeaz gain beste enologo batzuekin, beste proiektu batzuetan ere lanean ari dira.Gaur, Navazos taldea Sergi Coletekin aurrera ateratzen ari den proiektua ezagutuko dugu.Sergi Colet Kataluniako Penedeseko cava egile bat da. Upategia nahiko berria da: 1997an atera zituzten lehenengo botilak merkatura.2003. urtean izan ziren Sergi Colet eta Navazos taldearen arteko lehenengo harremanak, eta 2005 edo 2006an hasi ziren benetan, serio, Jerez inguruan ardo apardunak egiteko ideia planteatzen.Zenbait ardo apardunek —xanpainak batik bat— eta ontze biologikoz egindako Jerezko zenbait ardok antza zertan zuten aurkitzea izan zen abiapuntua: mahastiak lur zuri eta kare lurretan, mustioaren izaera nahiko neutroa, ekoizpenaren legamien bigarren zeregina...Bestalde, espedizio likorraren erabilerak apardun ezberdinak eman ditzakeela oharturik, eta Andaluziako hainbat ardo tradizionalek joko horretan izan zezaketen potentzialaz jabetzeak ere indarra eman zion proiektuari, eta interesa handitu.Navazosekoek eta Sergi Coletek bat egiten zuten, beraz, proiektuari ikusten zizkioten aukeretan, eta 2007ko maiatzean hasi ziren bertatik bertarako lanak eta hasierako probak.Argi zegoen, beraz, plan nagusia bien arteko esperientzia horretan: azken xedea palominoz egindako kalitateko apardun bat egitea zen, Jerezko markoan, eta protagonismoa frutan eta lehen mailako arometan jarri beharrean, karearen mineraltasunean jarriz, eta, nola ez, legamian eta ukitu oxidatiboetan. Esan beharra dago, plan horrek aurrera egin duen arren, lehen emaitzak ikusteko eta lehenengo ardoak dastatzeko denbora beharko dela oraindik, azken uztaldietako mahatsek gradu gehiegi eman dutelako, alde batetik, eta, bestetik, apardunak egiteak arazo teknikoak dituelako, batez ere horiek egiteko beharrezko baliabide teknikoak ez dauden tokietan.Baina bitartean Colet eta Navazos taldeak beste bide batzuk jorratu ditu, Penedesko apardunetan Jerezko hain bitxiak diren legamia bereziak kopuru txikietan edota ontze biologikoko ligak gehituz, adibidez.Hasieran proba horiek Jerezko apardunek noraino iritsi zitezkeen baldin bazen ere, konturatu ziren apardun kataluniar horietako batzuk oso dotoreak eta serioak zirela eta merkaturatzea erabaki zuten. Hain zuzen ere, Colet-Navazos 2007 extra Brut eta Colet-Navazos Reserva 2006 Extra Brut, biak lote berean botilatuak, eta esan dezakegu hegoaldeko espirituko kataluniar apardunak direla, inongo zalantzarik gabe. Bitxiak dira, eta, era berean, ez hain errazak eskuratzen, baina dastatzeko oso ardo gomendagarriak.

PRICUM



Aspaldi honetan harritu nauten ardoetakoak dira Prieto Picudo mahatsez eginikoak. Dominio Dostares eta Margon upategiak azpimarratuko nituzke, hain zuzen ere.Dominio Dostaresekoak (Leione, Cumal) izen bat dute dagoeneko, baina, gaur, Margon upategiko Pricum ardoa ekarri nahi dut hona.Upategia Pajares de los Oteros (Leon) herrian dago. 2007an jaiotako Tierra de Leon jatorri izenaren barruan dago upategia.Beste mahats asko onartuta badaude ere, mencia, tempranillo, garnatxa... Prieto picudo mahatsondoa da bertakoena; eta mahats aleak oso elkarren kontra daudelako eta amaiera puntan daukan itxuragatik deitzen omen zaio horrela.Mahatsak gidatzeko sistema berta-bertakoa da eskualdean. Mahatsak lurra ukituz eta lan guztiak eskuz egiten dira, hondeaitzurraz, aitzur handiz.Hogeita bost hektarea dituzte, eta horietatik hogeita lau Prieto Picudo mahatsondo zaharrak dira eta beste hektarea albarin mahats zuria.Hogeita bost hektarea horiek ehun bat partzelatan banatuta daude, hamar kilometrotan zehar, Pajares de los Oterosetik San Pedroraino, Pobladura, Velilla edo Valdesazetik pasatuz...Mahastiak inguruko zaharrenak dira; batzuek ehun urte baino geihago dituzte.Upategiak aukeraketa mahaiak ditu, eta hozteko sistema ere bai, mahatsa jasotzeko erdiguneko eraikuntza baino gorago dagoen kabinan. Hartzitzeko deposituak haritz egurrezko upel handi eta tronkokonikoak dira, eta ontze prozesurako erabiltzen den upel biltegia lurpean dago, eta klimatizatua da.Pricum prieto picudo mahatsez soilik egina dago, hau da, monobarietala da. Mahatsek aukeraketa mahaitik pasatu ondoren beratze prozesu bat izan dute, hotzean, eta gero beratze luze bat, hirurogei bat egunez gutxi gorabehera.Hartzidura egurrean egin du, eta ontze prozesua Frantziako upel berrietan, hamahiru hilabetez luzatu da.Ardoa egiteko ardura, eta mahastiarena ere Raul Perez Pereirarena da, Leonen eta Espainia osoan entzute handienetarikoa duen enologoarena; eta hark duen ardoa ikusteko modua, bere filosofiaren isla ere nabarmena da pricum ardo bitxi eta orijinal honetan.Ardoa bizitasun handikoa da, baina ez dela oso egituratua esango nuke. Sudurrean fruta gorri helduen ondoan egurraren ukitu espeziatuak agertzen dira, nabariak baina gogaitu gabe. Ardoak potentzia eta fruta ugari ditu integratzeko. Ahoan bizia da, gorputz ertainekoa, eta freskotasuna ematen dion azidotasun ederrarekin.Uda honetan ardo bikain hau dastatzeko aukera baduzue, dasta ezazue, eta ez dut uste damutuko zaretenik. Opor ederrak pasatu, eta ea bueltan elkarrekin garen berriz ere. Topa!!!

2011/05/17

JEAN LEON (UPATEGIAREN SORRERA)


La Scala jatetxean utzi genuen duela aste batzuk Jean Leon. Izugarrizko arrakasta lortu zuen han, Hollywoodeko artista guztiak ez ezik, AEBetako presidenteak ere izan zituen lagun, besteak beste John Kennedy, Gerald Ford eta Ronald Reagan. Jean Leon bera ere bere jatetxearekin batera pertsonaia eta fikziozko toki bihurtu ziren, eta hainbat best seller-etan agertu ziren.

Artean, Jean Leon oso ezaguna eta errespetatua zen AEBetako gastronomia zirkulu guztietan, baina zerbait zeukan oraindik ere egiteko. Afarietan, bazkarietan, oturuntzetan berak aukeratzen zuen beti ardoa, kontu handiz aukeratu ere. Ardoen alorrean ere ezagutza mailan oso prestigioduna izan arren, sarritan kexatzen zen ez zuelako ardo «perfektua», bere nahia eta gustua erabat asetuko zuen ardoa aurkitzen.

Eta orduantxe hasi zen bere bigarren abentura handia: ardo bat sortu, bere izena eramango zuena, ardo bakana eta berezia, bere lagunik maitatu eta preziatuenen ahotan jartzeko ardoa. Horretarako, lurrik onena, klimarik egokiena, mahatsondorik onenak eta, azkenik, ardoa egiteko prozesurik onena behar zituen.

Mundu guztian ibili zen lurrak bilatzen Kataluniara iritsi zen arte, eta han, Katalunian, Penedesen, aurkitu zuen bilatzen ari zen eremua. Jean Leonek egun zutik dirauen etxalde bat erosi zuen: pendiz txiki batekin eta hegoaldera ematen zuten 150 hektarea, lur buztintsu eta kareduna hain zuzen ere.

Jarraian, cabernet sauvignon, merlot eta chardonnay mahatsondo mentuak erosi zituen, denak ere Frantziako upategi onentsuenei, Chateau Lafitte-Rothscild, La Lagune eta Corton Charlemagne, besteak beste, eta dirutza izugarria ordainduz gainera.

Penedeseko mahastizainak harrituta zeuden Jean Leon bertoko mahatsondoak kendu eta beste ezezagun haiek landatzen ikusita.

Beraz, esan daiteke Jean Leon aitzindari izan zela penintsulan Frantziako mahatsondo berri horiek landatzen.

Upategia eraiki zuten, eta Jaume Rovira enologoari azken abantaila teknologikoak jartzeko eta kalitatearen aldetiko irizpiderik estu eta zorrotzenekin jokatzeko askatasun osoa eman zion.

Eta gaur egun ere Jaume Rovira da, orduan bezalaxe, enologiaren inguruko erabakien arduraduna, eta mahastietakoa ere bai, Jean Leon fundatzaileak nahi izan zuen modura.

Egun, Jean Leon upategia Torres talde boteretsuan barne dago.

Gogoratzen dut, ederki gogoratu ere, Verema Topaketaren bosgarren edizioan, 2008ko urtarrilaren 28an, larunbatean, Jaume Rovirak eta Miguel Torresek eman ziguten hitzaldia: Espainiar ardoak ingurune globalizatu batean. Hitzaldiaren ondoren, Jean Leon ardo batzuk gozatu genituen Jaume Roviraren eskutik, Jean Leon Gran Reserva 1979, Jean Leon Reserva 2001, Jean Leon Merlot 2003 eta Jean Leon Zemis 2000.

Pertsonaia zoragarri haren gorabeherak gogoratuz, taninoak, polifenolak, sentimenduak, denak dastatu genituen dastatze eder eta bitxi hartan...

JEAN LEON


Zein txikia den mundua. Euskal kulturaren inguruko ikastaro eder bat egiten, amaitzen esan beharko nuke agian, ari naiz. Hamabi irakasleko taldea osatzen dugu, eta tartean Belen. Belenek badaki ni ardozalea naizena, besteak beste ikastaroari errematea emateko dastatze txiki bat egiteaz arduratuko naizelako eta lagunak izaten hasiak garelako hainbeste ordu elkarrekin eman eta gero.

Gaur, tartetxo batean gerturatu egin zait, eta zera esan dit Belenek: «Badakizu? Nire aitaren lehengusu bat...», eta datuak ematen hasi denean, berehala konturatu naiz Jean Leon gizon bitxi eta apartari buruz ari zela... Urduri jarri naiz, ia-ia emozionatu ere egin naizela esango nuke. Moztu egin diot, eta aurrera jarraitzen utzi gabe boteprontoan bota diot: «Jean Leon, Jean Leonez ari zara...».

Eta bai, asmatu dut. Ezin nuen sinetsi. Ardozale batentzat Jean Leon zinemazale batentzat Robert de Niro edota literaturazale euskaldun batentzat Bernardo Atxaga edo Sarrionandia Sarri maitea aipatzea bezalakoa delako. Beharbada zuk, irakurle, ez duzu jakingo Jean Leon nor den, eta bere bizitza laburbiltzen saiatuko naiz.

Ceferino Carrion zen bere benetako izena, eta Kantabrian jaio omen zen, 1928an. Hemeretzi urterekin maleta hartu, eta ia dirurik gabe lehendabizi Parisa abiatu zen, eta gero New Yorkera, polizoi, merkatalontzi batean. New Yorken Rockefeller Centerreko klub batean platerak jasotzen aritu zen, baina paperak ez zituenez, ez zen bertan geratu, eta AEBak osorik zeharkatu zituen, ekialdetik mendebaldera, Hollywoodera iritsi arte. Han, bere bizitza erabat aldatuko zen. Liluratuta geratu zen hango glamourrarekin, eta bere egoera legeztatzeko, armadan eman zuen izena, boluntario, Koreako gerra tarteko. Bi urtera, amerikar herritartasuna lortu zuen, eta izena aldatu zuen Hollywoodeko artisten antzera. Jean Leon zen.

Kasualiate huts batengatik Villa Capri jatetxean, orduko luxuzkoenetarikoan, zerbitzari hasi zen lanean. Besteak beste, Frank Sinatra eta Joe di Maggio, beisbol jokalaria ziren bertako nagusiak. Garai horietan, lagun asko egin zituen: Grace Kelly, Natalie Wood, Judy Garland...

James Deanen lagun handia egin zen, eta biek elkarrekin negozio bat irekitzea pentsatu zuten, Hollywoodeko jatetxerik luxuzkoena: La Scala, Beverly Hillsen.

Baina, bat batean, James Dean hil egin zen, eta Jean Leon erabat lur jota geratu zen, lagun handiak zirelako eta Deanek haren semearen aitabitxia izan behar zuelako. Hala eta guztiz ere, proiektuarekin aurrera jarraitzea erabaki zuen, eta, horretarako, 3.500 eurotako mailegua eskatu eta 1956ko apirilaren 1ean La Scala inauguratu zuen.

Hamabost egun barru kontatuko dizuet Jean Leonek ardoarekin zer-nolako harremana duen...