2009/10/28

ETA 2058AN ZER?


Berry Bros. & Rudd Britainia Handiko ardo merkataritzan lanean ari den enpresa historiko eta ospetsuak oso txosten dibertigarria egin zuen iaz 2058an ardoaren gorabeherak nolakoak izan daitezkeen asmatu nahian edo. 1698 geroztik ari dira BBRkoak ardoak saldu eta erosten eta harro daude Britainia Handiko ardo merkatari antzinakoenak direla eta. Harro daude ere lantaldean lau masters of wine dituztelako. Pentsatu beharko dugu lau horiek ere parte hartuko zutela txosten hori egiten. Beharbada ez du zentzu handirik horrelako txosten batek, eta, fidagarritasunaren aldetik, erabat zalantzan jartzeko modukoa dela erabaki dezakegu, edo ez, baina ikus dezagun, laburbilduz, zer dioen txosten horrek.

Orain arte Mundu Berria aipatzen genuenean, Argentina, Australia, Uruguai, Txile genituen buruan... Orain, Mundu Berri berria dugu etorkizunean. Txosten horren arabera, Txina izango da, 2058an, munduko ardo ekoizlerik handiena. Bestalde, klima aldaketa dela eta, beste herri batzuk ere azalduko zaizkigu agertokian, besteak beste Ukraina, Moldavia, Kroazia eta Polonia, Europan, eta Kanada Amerikan. Aurrekoarekin kontrajarriz, Australian orain arteko produkzio handiak alde batera utzi eta artisautzako ardoak egin beharko dituzte.

Supermarka berriek hango eta hemengo mahatsak erabiliko dituzte, eta nazio askotakoak nahastu ere konsumitzaileen nahiak asetzeko edo. Eta desio horiek bete nahi izateak zapore artifizialak erabiltzea izango du ondorio, beharbada; edo genetikoki aldatutako mahatsen erabilera. Superprodukzio horiek lortzeko dirua espirituosoen sektoretik edo banatzaile handien eskutik etor liteke.

Ontziak eta tapoiak ere aldatuko omen dira. Beiraren ordezkoak izango dira, alde batetik produktua merketzeko eta beste alde batetik ingurumenari egiten zaion kaltea murrizteko. Botila eta ontzi arinagoak dira (kartoia, plastikoa...). Ardoa kontainerretan garraiatuko da, eta helmugan botilaratuko da. Tapoi haridunak erabiliko dira batik bat, eta ardo handiek osatzen duten %1 edo 2rako baino ez dira kortxozkorik erabiliko.

Ardo onak izango dira han eta hemen, ugari. Produkzioan ez ezik, daitekeena da ardo onak eta finak egitea ere Txinan, Indian edo Ingalaterran, eta Brasilen edo Mexikon.

Ezagutzen ditugun ardo mitikoak lortzeko gaur egun baino askoz eskari handiagoa izango da, eta, ondorioz, gero eta esklusiboagoak izango diren ardook lortzeko izugarrizko gerrak sortuko dira. BBRkoen kalkuluen arabera, ardo horien prezioak urtean %15 egiten badu gora, gaur 9.200 euro balio duen hamairu botilako Lafite-Rothschild ardo kaxa batek (2005 uzta), berrogeita hamar urte barru 10 miloi libera balioko ditu.

Eta ardoaren benetakotasuna bermatzeko txipak edo kortxo bereziak ere agertuko dira... Ikusiko al dugu hau guztia betetzen den?

2009/10/22

ORTO, ZERUMUGAREN PLANOA IGAROZ


Gogoratzen dut Joan Asens Valentzian ezagutu nuen egunaz. Ez nuen denbora askorik izan harekin hitz egiteko, baina hamar minutu haietan, gizon herabea iruditu zitzaidan, apala, jakintsua. Bere L'Ermita eta Dofi izan genuen hizpide, baina batez ere mahastiak eta eguraldia, eta ilargia... Ondo zekien zertaz ari zen, hura izan baita 2008ko abuztura arte Alvaro Palacios upategiko enologoa. Baina dagoeneko beste proiektu batean ari da lanean, ez urruti, baina bai beste sor-marka batean. Lehen Prioraten, orain Montsanten. Beste hiru bazkide eta lagunekin batera jarri du martxan proiektu berria: Jordi Beltran, Josep Maria, Jordiren anaia, eta Josep Maria Jove. Lau lagunen artean abiatu dute, beraz, Orto Vins. Laurak dira Masroigekoak, laurak mahastizainak, eta laurek jarraipena eman diote arbasoek hasitako bideari. Dastatu dutenek esaten dute Orto (ardoaren izena) Montsanteko altxorra izango dela. Eta, egia esan, baldintza guztiak betetzen dituzte Orto Vinsekoek arrakasta lortzeko: mahastizain bikainak dira, eta izugarrizko mahastiak dituzte, eta horri guzti horri Joan Asensen Palaciosekin egindako ardoen eskarmentua gehitzen badiogu, badirudi errazagoa dela dena. Beltran anaiak inguruko mahastizainik onenetarikoak dira, eta Joveren familiak urteak eta urteak daramatza mahastiak lantzen eta zaintzen, gainera, lagun batek esaten duen moduan, «lurra maite duen jende ona» da. Eta Orto izena? Orto Vinsekoek ematen duten azalpena zera da: «Orto zera da: eguzkiak edo beste edozein astrok zerumugaren planoa igarotzen duen unea, eta, beraz, gure hemisferioan ikusteko moduan suertatzen den unea». «Egun berri baten jaiotza sinbolizatzen du». Orto, grekoz, zuzen, egoki edo polita ere izan daiteke, gainera. Beraz, izenak ere badu bere zergatia. Izenaren alde biek erakusten dute modu argi eta tinkoan euren ardoa eta mahastiaren mundua ulertzeko ikuspuntua. Lau bazkideek hirurogeita hamar urte baino gehiagoko kooperatibetako tradizia dute. Orain tradiziora bueltatu nahi izan dute, eta lehen nekazariek beren mahatsekin ardoa egiten zuten moduan, orain ere, 2008an abiatuta hain zuzen, euren mahastietako mahatsekin egin dute ardoa beraiek ere. Ardo horiekin arbasoak omendu nahi dituzte, aintzat hartu eta aitortu, egindako lanari esker, filoxera eta muturreko lehorteei aurre egin eta mahastiak maitasunez zaindu zituztelako gaur egun direna izatera heldu direla. Lehen esan bezala, Priorateko El Masroig herrian daude, baina Montsanteko sor-markaren babesean. Ardoa egiteko erabili dituzten mahatsak hauek dira: samso (%53), garnatxa (%28), cabernet sauvignon (%12) eta ull de llebre, tenpranilloa (%7). Laster ardoa dastatzeko aukera izango dut, eta emango dizuet horren berri.

2009/10/14

WINE FUTURE


Ardoaren munduak Logroñon (Errioxa, Espainia) izango du bere gailurra, Wine Future-Rioja 09 ekitaldiaren eskutik. Besteak beste, Robert Parker Jr., Jancis Robinson, Oz Clarke, Mel Dick, Dan Jago edo Kataluniako Miguel Torresek parte hartuko dute, azaroaren 12an eta 13an, The Wine Academy of Spainek antolatutako ekitaldian. Guztira, mundu guztitik heldutako 35 adituk hartuko dute parte. Besteak beste, mundu osoko krisialdia, kontsumo joerak, salmenten jaitsiera, etiketatzea, packaging-a edo etorkizun handiko merkatuak zeintzuk izan daitezkeen aztertuko dira.
Seiehun pertsona inguru izango dira eztabaidagune horretan, betiere aurretiaz zazpiehun bat euro ordainduta. Upategietako langileak, ardogintzaren inguruko agintariak, master of wine, kritiko eta kazetariak, banatzaileak, inportatzaileak, somelierrak... izango dira eztabaida hauetan parte hartuko dutenak.
Bi urtean behin egingo da ekitaldi hau, mundu osoan erreferente bihurtzeko helburuarekin, sektorearen tendentziak aztertu, eta bilakaera eta merkatu estrategiak ikertzeko asmoarekin. Eztabaidak eta mahai-inguruak izango dira, baina dastaketarako tartetxo bat ere izango da, noski. Eta dastatzea zuzentzeko nor eta Robert Parker Junior aukeratu dute.
Mundu guztiko ardoak dastatuko dira, betiere gutxieneko %90a garnatxaz egindakoak. «Garnatxa aukeratu dut, munduko mahatsik interesgarrienetakoa delako. Espainia da garnatxaren sorlekua, eta lehen aldiz egingo da mahats honekin egindako ardorik onenen dastaketa», esan du Parkerrek.
Roneko Chateauneuf du Papeko zazpi ardo izango dira dastaketan, horien artean Chapoutier Barbe Rac 2007 eta Vieille Julienne 2007; Aragoiko Campo de Borjako Atteca Armas 2007 eta Aquilon 2006; Kataluniako Clos Erasmus 2005 (Priorat), Espectacle 2006 (Montsant) eta Mancuso 2005 (Vino de la Tierra de Valdejalón); Kaliforniako Pandora-Alban 2006 eta Sine Qua Non Atlantis 2005; eta Australiako beste lau ardo, adibidez Clarendon Hills Old Vines Romas 2006.
Baina Parkerrek bere ekitaldia amaitzeko beste ardo bi aukeratu ditu, Errioxakoak, ardo enblematikoak, Errioxari zor zaion omenalditxo legez edo. Marqués de Riscal de 1945 eta Contador 2007. Ardo klasikoa, bata, eta modernoa, bestea.
Baina hilabete baino ez dela geratzen Wine Future hau ospatzeko, polemikak ere badu bere tartetxoa. Pancho Camposek bere lekua Kevin Zralyri utzi behar izan dio koordinatzaile lanetan. Pancho Camposek arrazoi pertsonalak jarri ditu mahai gainean, kargua uzteko, baina duela aste batzuk komunikabideetan agertutako berriek edukiko zuten bere eragina. Hori uste dut nik, behintzat.
Baina hori, agian, beste egun baterako utziko dugu.

2009/10/07

RIBEIRA SACRA


Ribeira Sacran duela ehunka eta ehunka urtetatik egiten da ardoa, baina, agian, jatorri izenik ezezagunetarikoa da penintsulan, paradoxikoa izan arren.
Ribeira Sacrak Sil ibaiaren erribera eta Miñorenaren arteko lurraldeak hartzen ditu. Lugoko probintziaren hegoaldean eta Ourenseko probintziaren iparrraldean dago kokatuta. Hiriburua Monforte de Lemos da.
1996an onartu zen Ribeira Sacra jatorri izena, baita batzorde arautzailea ere, beste batzorde arautzaileen antzera, ardoaren jatorria eta kalitatea bermatu eta jatorri izenaren babesean ekoizten diren ardoak sustatzeko helburuarekin.
Galizian, jatorri izeneko bost ardo ditugu: Rias Baixas, Ribeiro, Monterrey, Ribeira Sacra eta Valdeorras. Ardo zuria nagusitzen da nabarmen, baina Ribeira Sacran, hain zuzen ere, ardo beltzak du askoz garrantzi handiagoa, bai kalitatean baita kantitearen aldetik ere.
Albariño, treixadura, doña blanca, godello, loureira, torrontes eta palominoa erabiltzen dira, zuriei dagokienez, eta mencia, brancellao, merenzao, garnatxa eta mouraton, beltzen alorrean.
Ehuneko ia laurogeita hamarra mencia da, eta beste guztien artean osatzen dute beste ehuneko hamarra. Ekoizpenaren %95a ardo beltza da, eta %5a ardo zuria. 5.000.000 kilogramo mahats batuko dira aurten gutxi gorabehera. Egun 98 upategi daude jatorri izenaren babesean, eta 1.228 hektareako hedadura hartzen dute mahastiek.
Bost azpieskualde daude Ribeira Sacran: Quiroga, Amandi, Chantada eta Ribeira del Miño Lugon, eta Ribeira del Sil Ourensen. Quirogan harana zabalagoa da, baina beste azpieskualde guztietan mahastiak zapaldetan daude, oso partzela txikietan eta lan egiteko oso baldintza eskasetan.
Azken urteotan izugarrizko lana egiten ari dira kalitatearen aldera, eta horrek isla zuzena du ardoetan, ardo dotoreak, finak eta fruta ugarikoak egiten direlarik. Hobekuntza handiak ematen ari dira, baina betiere mahatsak eta lurrak ematen duena errespetatuz.
Sil eta Miño ibaien babesak sortutako mikroklimak, eta mahastiak hegoalderantz orientatuta dauden malda nabarmenetan landatuta egoteak mahatsaren heldutasun egokia dakar ondorio moduan.
Ribeira Sacrako ardoen artean mencia mahatsarekin egindakoak nabarmentzen dira, gazteak, freskoak, purpura kolorekoak, masusta eta mugurdi usain biziekin. Egitura onarekin, baina dotoreak eta arinak ahoan, neurriko azidotasun eta tanino fresko eta alaiekin.
Ardo zurietan monobarietalak dira interesgarrienak, Albariño, Godello eta Treixaduraz eginikoak batez ere, fruta usain biziarekin, freskoak eta zaporetsuak.
Algueira, Dominio de Bibei... dira kontuan hatu beharreko upategi batzuk. Eta Lalama, La Cima, Algueira Merenzao kontuan hartzeko ardoak. Pecado ere Ribeira Sacran egiten da, baina ez dago jatorri izenaren barruan. Raul Perezek egiten du, eta ardo bikaina da.