2009/10/28

ETA 2058AN ZER?


Berry Bros. & Rudd Britainia Handiko ardo merkataritzan lanean ari den enpresa historiko eta ospetsuak oso txosten dibertigarria egin zuen iaz 2058an ardoaren gorabeherak nolakoak izan daitezkeen asmatu nahian edo. 1698 geroztik ari dira BBRkoak ardoak saldu eta erosten eta harro daude Britainia Handiko ardo merkatari antzinakoenak direla eta. Harro daude ere lantaldean lau masters of wine dituztelako. Pentsatu beharko dugu lau horiek ere parte hartuko zutela txosten hori egiten. Beharbada ez du zentzu handirik horrelako txosten batek, eta, fidagarritasunaren aldetik, erabat zalantzan jartzeko modukoa dela erabaki dezakegu, edo ez, baina ikus dezagun, laburbilduz, zer dioen txosten horrek.

Orain arte Mundu Berria aipatzen genuenean, Argentina, Australia, Uruguai, Txile genituen buruan... Orain, Mundu Berri berria dugu etorkizunean. Txosten horren arabera, Txina izango da, 2058an, munduko ardo ekoizlerik handiena. Bestalde, klima aldaketa dela eta, beste herri batzuk ere azalduko zaizkigu agertokian, besteak beste Ukraina, Moldavia, Kroazia eta Polonia, Europan, eta Kanada Amerikan. Aurrekoarekin kontrajarriz, Australian orain arteko produkzio handiak alde batera utzi eta artisautzako ardoak egin beharko dituzte.

Supermarka berriek hango eta hemengo mahatsak erabiliko dituzte, eta nazio askotakoak nahastu ere konsumitzaileen nahiak asetzeko edo. Eta desio horiek bete nahi izateak zapore artifizialak erabiltzea izango du ondorio, beharbada; edo genetikoki aldatutako mahatsen erabilera. Superprodukzio horiek lortzeko dirua espirituosoen sektoretik edo banatzaile handien eskutik etor liteke.

Ontziak eta tapoiak ere aldatuko omen dira. Beiraren ordezkoak izango dira, alde batetik produktua merketzeko eta beste alde batetik ingurumenari egiten zaion kaltea murrizteko. Botila eta ontzi arinagoak dira (kartoia, plastikoa...). Ardoa kontainerretan garraiatuko da, eta helmugan botilaratuko da. Tapoi haridunak erabiliko dira batik bat, eta ardo handiek osatzen duten %1 edo 2rako baino ez dira kortxozkorik erabiliko.

Ardo onak izango dira han eta hemen, ugari. Produkzioan ez ezik, daitekeena da ardo onak eta finak egitea ere Txinan, Indian edo Ingalaterran, eta Brasilen edo Mexikon.

Ezagutzen ditugun ardo mitikoak lortzeko gaur egun baino askoz eskari handiagoa izango da, eta, ondorioz, gero eta esklusiboagoak izango diren ardook lortzeko izugarrizko gerrak sortuko dira. BBRkoen kalkuluen arabera, ardo horien prezioak urtean %15 egiten badu gora, gaur 9.200 euro balio duen hamairu botilako Lafite-Rothschild ardo kaxa batek (2005 uzta), berrogeita hamar urte barru 10 miloi libera balioko ditu.

Eta ardoaren benetakotasuna bermatzeko txipak edo kortxo bereziak ere agertuko dira... Ikusiko al dugu hau guztia betetzen den?

No hay comentarios: