2009/11/09

MAHASTI ZAHARRAK, MAHASTI BERRIAK...


Ardo onak egin daitezke mahasti gazteetako mahatsekin? Posible al da?
Aspaldi honetan hainbat botilatan ikus daiteke «mahasti zaharrak», «ehun urte duten garnatxak» eta horrelakoak... Eta egia da mahasti zaharrak, berez, kalitate handiagoa eskaintzeko moduan daudela, beste mahasti gazteagoekin alderatuz. Egia da 30 edo 40 urte dituen eta ondo landatu eta ondo zaindutako mahasti batek emaitza onak ematen dizkiola kalitate handiko eta pertsonalitatea duten ardoak egiten saiatzen denari. Autorregulaziorako gaitasuna baloratzen da urte asko duten mahasti hauetan, mahats sakonagoak eta definituagoak emango dituelako.
Errioxako ardogile ospetsu batek esan zidan moduan, «mahasti bat ia ehun urtean hor mantendu baldin bada, kalitate eta produktibitate aldetik ere emaitza onak eman dituelako mantendu da; urtero-urtero, lurrak heldutasun eta osasun egokia bermatzen duelako, eta mahats mota eta landatutako klona ondo egokitu direlako lur horretara».
Baina egia da ere azken urteetan mahastizaintzak izan duen aurrerakadak ere emaitza harrigarriak lortu dituela, askotan oso mahasti gazteekin. Argi dago, beraz, oso mahasti gazteak erabilita kalitate oneko ardoak lor daitezkeela. Halere, esfortzu handia eskatzen du horrek mahastia lantzerakoan eta ezin da, gainera, inongo akatsik egin.
Pingus egiten duen Peter Sisseckentzat, mahasti gazteetako mahatsekin kalitatezko ardoak lortzeko ezinbestekoa da produkzioa oso murritza, oso txikia izatea; hor dago gakoa. Mahasti zaharrak berez egiten duena egitera behartu behar du gizakiak mahasti gaztea.
Mahastizaintzan zailena landarearen oreka lortzea da, mahatsaren eta egurraren produkzioaren arteko oreka aurkitzea. Eta mahasti gazteen arazoetariko bat horixe da: gehiegizko indarra. Bestalde, mahats mota batzuek beste batzuek baino indar handiagoa dute, eta txertakek ere eragina izaten dute horretan. Beraz, hortxe dago gakoa, mahatsa eta txertaka lur jakin bati eta klima zehatz bati egokitzea. Beharbada, gure lurretarako hartutako erabaki bat oso txarto atera dakiguke guri, eta, aldiz, oso egokia izan beste toki baterako.
Landarearen indarrak badu zerikusi zuzena beste faktore batekin ere: elikadura hidrikoarekin, hain zuzen ere. Horretan, jakina, plubiometria da faktore nagusia, eta zoruak eta zorupeak drainatzeko duten gaitasuna eta zoru hori organikoki aberatsa edo pobrea den ere. Zoruak materia organiko asko badu, mahastiak elikagai asko izango ditu eta gehiegi haziko da; horrek mahatsaren kalitatearen kontra jokatuko du.
Euskal Herrian, adibidez, mahasti zoruak belarrez estalita edukitzea oso egokia da, euri asko jasotzen duelako, eta lurrak, gainera, materia organiko asko duelako. Baina ez litzateke hain egokia izango klima lehorreko toki batean, ekarpen hidrikoa lortzea askoz zailagoa baita.

No hay comentarios: