2009/09/29

HERRI ARDOA


Ardo baten ekoizpena mugatu, bereizi; herri batek ondoko beste batekiko dituen berezitasunak eta ezaugarriak azpimarratu. Bertute eta dohain horiek sustatu eta indartu, kanpoan ere ezagunak izan daitezen. Ardozaleak argi eta garbi bereiz ditzala, etiketan, herri batzuetako lur eremu jakin batzuek eskaintzen duten berezitasun organoleptikoak.

Azken hilabeteotan ardo foroetan eta aldizkari eta ardozaleok elkartzen garen edozein tokitan ere eztabaida hori zabaldu eta areagotu da. Kalean ere, zaleon artean, badago debate hori. Hasi gara entzuten Priorateko zenbait tokitan, Rias Baixasen, Madrileko zenbait herritan eta Valentziako beste batzuetan ere.

Ardoaren munduko zenbait alorretatik, besteak beste, upategietatik, jatorri izenari zenbait herrik ematen dion prestigioa aintzat hartzea da Herriko Ardoak izena agertzearen alde lan egiten dutenen helburua.

Gero eta upategi gehiagok eskatzen dute, batez ere ekoizpen txikikoek, beren jatorria aintzat hartzea, arautzea eta kontrolatzea, herriari dagokionez.

Herri jakin bateko ardoek eramango lukete Herriko Ardoa izena, eta, noski, herri horretan landutako mahatsekin egindakoa beharko luke izan.

Herriko Ardoa izena onartu arte bidea luzea izango zela ematen zuen, baina Prioraten eman dute pausoa aurrera, eta beren ardoaren araudian posible da, dagoeneko, Vi de la Vila (Herriko Ardoa) izena agertzea.

2007ko ardoak dira lehendabizi aukera hori izango dutenak. Upategi bakoitzak egin beharko dio eskaera Jatorri Izenaren Batzorde Arautzaileari, eta eskaera horretan adierazi beharko da, besteak beste, zenbat hektolitro erabiliko diren horretarako, mahatsaren jatorria (partzela, poligonoa...) eta abar.

Beraz, Vi de la Vila horrek bermatuko digu botila horrek daraman mahatsaren jatorria. Dena den, Jatorri Izenaren Batzorde Arautzaileak egin beharko ditu egiaztatze eta aztertze lanak, benetan Herriko Ardoak moduan izendatuak izan diren hektolitro horiek guztiek bat datozen vila edo herri horretako partzela edo poligonoan baimendua dituzten errendimenduekin, baina kontrol hori oso zehatza da, eta den-dena informatizatuta dagoenez, erraza izan daitekeela ematen du. Eta herri guztientan, gainera, hori kontrolatuko duten ikuskariak daude.

Badirudi, Prioraten horren inguruan gauzak nahiko ondo egiten ari direla. Eta, horrela, Porrera, Gratallops eta beste zenbait herritako ardoek eraman dezakete dagoeneko Vi de la Vila izen hori 2007ko uztatik aurrera.

Alvaro Palaciosek, adibidez, badu Gratallops (herriaren izena) izeneko ardoa. Garnatxa eta cariñenaz eginikoa da batez ere, baina, caberneta eta syrah eta merlot pixka bat ere badu. Upategiko beste ardoek baino izaera basatiagoa du, baina ez zaio kalitaterik falta.

Herri Ardo horiek Borgoinako ardoen filosofia islatzen dute nolabait.

2009/09/21

ZAPI ARDOAK


Oporrak amaitu dira. Ardozaleoi berdin zaigu oporretan nora joan, beti aurkitzen baitugu mahastiren bat ikusteko, enotekaren bat botila ardoak ikusteko, eta, beharbada, erosteko, edo upategiren bat bisitatzeko. Udan Cadiz inguruan izan naiz, eta han txoko honetako irakurleek ondo ezagutzen duzuen Mikel Garaizabal enologo eta lagunarekin egin dut topo. Mikel duela hilabete batzuk ere handik ibili zen upategiak ikusten eta Jerez inguruko ardoak ezagutzen. Upategiren bat ikusi behar genuela erabaki genuen. Sanlucar de Barramedara joatea pentsatu genuen, Jerezek eta Puerto de Santa Mariak baino gehiago erakartzen gintuen, eta, horrela, Bodegas Barbadillokoekin jarri zuen hitzordua Mikelek. Hara abiatu ginen. Udako egunik beroenetarikoa izango zen, baina pozik eta ilusioz abiatu ginen. Mikel asko estimatzen dute Barbadillon, eta horri esker biontzako bisitaldi esklusiboa egin zigun Rosario Perez-Barbadillok, Barbadillo upategiko Bisitaldi Saileko zuzendariak. Esklusiboa diot biontzat bakarrik prestatu zuelako bisitaldia, eta, gainera, kalitate handiko bisitaldia izan zelako, Rosariok transmititzen zuen pasioa eta ezagupena gutxitan ikusi dut beste upategi batzuetan. Ez genuen polifenolak, taninoak, azidotasuna edo hartzidura izan aipagai, edo aipagai nagusiak bederen. Upategiaren historia, zokorik magikoenak, misterioz beteriko pasadizoak eta magiaz blaitutako ardoak eskaini zizkigun. Barbadillok hainbat eraikinetan banatuta ontzen ditu ardoak, besteak beste, Sevillako apezpikuaren egoitza izandako etxean, Zezenaren upategian, La Arboledilla (La Catedral moduan ere ezaguna bere altueragatik, Sanlucarreko altuena), eta bertako sekretuak eta gorabeherak kontatu zizkigun Rosariok. Hiru orduz egon ginen harekin, eta beste hiru ere egongo ginen, baina... Barbadillok berrehun urte baino gehiagoko historia du. Egun seigarren belaunaldiaren esku dago upategia. Sanlucar de Barramedako eremu historikoan kokatuta dago, Medina Sidonia eta Orleans Borbon jauregien ondo-ondoan. Barbadillok dituen eraikin guztien artean 75.000 metro karratu osatzen dute, eta 35 milioi litro ontzeko gaitasuna du, Sanlucarreko upategirik handiena dudarik gabe. Baina ez ditut ahaztu nahi Rosariok dastatzeko atera zizkigun ardo izugarriak: Solear manzanilla (ezinbestekoa hozkailuan beti prest edukitzea); Amontillado Principe, ahoan ezin dotoreagoa eta sudur atzeko zoragarriarekin; Obispo Gascón Palo Cortadoa, sudur delikatua eta izugarrizko gorputzarekin ahoan, luzea. Rosariok esan zigunez, zapi ardoak ere deitzen dira Palo Cortadoak, jakean eramaten den zapia busti egiten zelako ardo horrekin bere lurrinagatik; Manzanilla Pasada Saca de Verano, konplexua, gorputzarekin, ahoa betezen du; eta, amaitzeko, Oloroso Cuco, oso lehorra, baina bolumen askorekin eta oso dentsitate handiarekin. Eskerrik asko Mikel, eta, batez ere, Rosario. Ez dut egun hori sekula ahaztuko.