2010/11/15

SAYAGO (830)


Egia da, beharbada, krisialdi larri honetan interesgarria dela ardo onak prezio onean aurkitzea. Eta hori da Sayago (830) 2006arekin gertatzen dena. Baina ardo hori krisi garaietako ardo interesgarria baino zertxobait gehiago ere bada, eta, nire ustez, asko hitz egingo da gerora ere hari buruz. Momentu honetan ardoa oso adierazkorra da, fruta nabarmenarekin, freskotasunez betea, bizia erabat, eta upelaren ukitua bigarren maila batean, lagungarri besterik ez.... Dehesa de Cadozos upategia berria da. Bermillo de Sayagon (Zamora, Espainia) dago, Dueroko Arribesetatik 30 bat kilometrora. Mahastia 1.700 hektareako lursail izugarri batean dago; abeltzaintzan jarduten dira han, eta azken aspaldi honetan ehizarako ere aprobetxatzen dute. Duela hamar bat urte sailaren jabetza duen familiak zortzi hektarea mahasti landatu zituen. Lursail honetan ez zegoen mahatsa landatzeko ohiturarik, tradiziorik, baina, altuera kontuan izanik -etiketan agertzen den 830-, lurrak limo hareatsuak eta tenperatura freskoak, tenpranilloaz gain, pinot noir pixka bat ere landatzea erabaki zuten, nahiz eta askok eta askok ez zuten bere garaian ulertu. Urteek arrazoia eman diete. Borgoinako eta Champagneko mahats izugarri bezain delikatu eta zail horrek klima freskoak ditu gogoko, eta oso mahastizaintza lan zorrotzak eta sakonak eskatzen ditu. Hori dela eta, ez da Bordeleko cabernet sauvignon mahatsa bezain salgarria, eta urte askotako lanak eta ahaleginak egin behar izan dira beste herrialde batzuetan ere maila dexentea eman zezan, besteak beste, Zeelanda Berrian, Oregonen eta Kaliforniako zenbait tokitan (AEB). Espainian egin dira saioak, baina, egia esan, emaitzak ez dira oso pozgarriak izan... Hango klima beroa da, eta ez du ematen lekurik egokiena mahats mota hori landatu, eta aurrera duintasunez ateratzeko; horregatik da, agian, hain deigarria Sayago horrek izan duen emaitza tenpranilloarekin nahastuz -%85 tenpranilloa eta %15 pinot noir-a-. Gainera, pinot noir mahatsak duen ukitu monastikoa ere badarama upategiak. Upategi txiki hori eraikitzeko, sailean zegoen XVII. mendeko abadia zahar eta latz bat berregokitu baita. Eta ardoei dagokienez, Dehesa de Cadozos ere egiten dute, baina gaur Sayago (830) 2006 nabarmendu nahi dut, lehen aipatu dudan moduan tenpranillo eta pinot noir mahatsez osatua; gero, hamairu hilabete pasatu ditu Frantziako upeletan. Oso ardo zuzena, freskoa eta frutaduna da, eta hamar euroan-edo aurki daiteke. Beraz, oso gomendatzeko modukoa pinot-ak duen ukitu berezi hori dastatu nahi izanez gero.

No hay comentarios: