2008/10/29

ARDO EROTIKOAK ETA PORNOGRAFIKOAK


Ardozale amorratuak garenoi enopatak ere esaten digute. Enopatok, ardoarekin zerikusia duen edozein liburu, aldizkari, webgune, irentsi egiten dugu... Ardo aurkezpenak, dastatze gidatuak, ardo azokak, upeltegietarako bisitak, edozein aitzakia da ona ardoari buruz hitz egiteko, ardoaren lurrinean murgilduta egoteko.
Webguneak aipatu ditut lehen. Haietariko batzuek solasguneak ere badituzte, eta bertan ibiltzen gara kuxkuxeatzen eta aldiro-aldiro gure iritziak botatzen. Baina foro horiek, batzuetan, erdi lotan moduan geratzen dira, eta ez da egoten eztabaidatzeko paradarik. Orduan, behin eta berriro eztabaidatuak izan diren gaiak jartzen ditugu mahai gainean: ardo indartsuak ala finak, onduak ala ondugabeak, beltzak ala zuriak, cava ala xanpaina, eta horrelakoak...
Pasa den astean, berriz, horietariko solasgune batean ari nintzela, zera planteatu zuen forokide batek, ardo monobarietalak, barietate bakar batez egindakoak, ala kupajea erabiliz egindako ardoak, zeintzuk diren atseginagoak, edo interesgarriagoak. Gaia ez da berria, ordea, sarritan hitz egin da, hitz egin dugu, horri buruz.
Nire ustez, upeltegiek monobarietalekin erakusten dute beren lan egokia, txukuna, zailagoa delako barietate bakar bati etekin guztia ateratzea eta errazagoa, berriz, barietate batek eta besteak ematen duenaz baliatzea. Borgoinako pinot noir handiak, Alemaniako rieslingak, Errioxa edo Dueroko Erriberako tempranilloak, Xerezeko palominoak... ardo monobarietal handiak daude, ezbairik gabe, baina ez al daude ardo izugarriak Bordelen ere, Errioxako barietate desberdinak nahasiz egindakoak, Portugalgoak? Batek esan zuen moduan: «Niri ardo onak gustatzen zaizkit, ondo egindakoak, monobarietalak zein nahastez egindakoak, alde bietan daudelako ardo handiak, izugarriak».
Baina eztabaidan parte hartzen ari zen solasguneko kide baten planteamenduak eragin zidan irribarrea. Bere hitzetan, «ardo monobarietalak emozio gehiago transmititzen du baina pasio gutxiago, indar gutxiago. Eta kupajez egindako ardoak, berriz, ardo pornografikoak dira. Imajinatu nerabe baten maitasuna, garbia, purua, bere nabardura erotikoekin, ez dena nabarmentzen bere boluptuotasunagatik baina bai bere sakontasun eta kontzentrazioagatik. Hori da monobarietal on bat, ondo egindakoa, purua eta identifikagarria. Gero, arnasa sakon hartu eta sinpletasun birjinal horiek guztiak (upeletan daudenak) hartu, koloreen leherketa boluptuosoan murgiltzen dituzu eta hara hor ardo liluragarria, pasionala, pornografikoa...».
Ni prosaikoagoa naiz, baina bitxia argudioa, ezta?

No hay comentarios: