2008/12/06

BAGA, BIGA, HIGA...


Asteari hasiera ematea beti izaten da gogor samarra. Baina aste honetako lehen bilera egiten ari ginela lankide baten sakelakora sms bat sartu zen: «Mikel Laboa hil egin da».
Badakit, bai, atal honek, astero idazten dudan artikulu honek, ardoari buruzkoa behar duela izan, baina ezin dut leihotxo honek ematen didan aukera alferrik galdu. Nire omenaldi txikia egin nahi diot Mikel Laboa handiari, gizon xumeari.
Ardo handiak egon badaude eta gizon handiak izan badira. Mikel Laboa horien artean dago, zalantzarik gabe. Ardo xumeak ere badaude. Eta gizon xumeak ere bai. Xumeak esan dut, eta ez sinpleak.
Bertsolaria banintz, bertso dotoreak eskainiko nizkioke Laboari, ez naiz, ordea, bertsolaria. Poema eder bat eskainiko nioke poesian doitua izanez gero, baina horretan ere ez naiz, ez, oso trebea.
Nire ardoen katalogoa eskainiko diot Mikeli, ez dakidan arren ardoa gustukoa zuen ala ez. Haren omenez edango nituzkeen ardoen katalogoa. Hona hemen:
Baga: Xanpain zaharra. Chardonnay, batez ere, eta pinot noir pixka batekin egindakoa. Dotorea, fina, konplexua, ausarta, ardotsua... Mahats zuriak ematen dion fintasunaz eta beltzak eskaintzen duen indarraz. Isiltasuenan edateko, meditazio antzean...
Biga: Biga, Florentino Martinezek Eltziegon egiten duen ardo baten izena da. Ardo xumea, ez sinplea, ordea. Balio duena baino gehiago ematen duten horietarikoa. Lagunez inguratuta hartuko dut hau, eta ahal bada, irribarrea dudala ahoan.
Higa: Txakolina. Ez diot abizenik jarriko inor ez mintzeko, bakoitzak egin dezala bere hautua. Ardo arina, alaia, gure-gurea.
Laga: Rieslingarekin egindako Alemaniako ardo gustagarri horietarikoa. Konplexua, batez ere. Mineralitate puntu batekin, frutaz gainezka, oparoa... kerosenoaren ñabardurekin...
Boga: Zamorako Toroko ardo indartsu horietarikoa. Sekulako indarrez eta potentziaz jantzia. Boteretsua.
Sega: Prioratoko ardo minerala. Lurraren eta mahatsaren indarra ezin hobeto islatzen duten horietarikoa. Ardo telurikoa.
Zai: Sauternes edo Tokaji inguruko ardo gozoa. Botrytisak eraldatutako mahats ustelduen misterioa. Gozotasunaren eta garraztasunaren harmonia.
Zoi: Hegoafrikako pinotagearekin egindako ardo trinko eta frutadun horietakoa. Trago batekin nahiko izaten diren horietakoa.
Bele: Xerez edo Sanlucarreko amontillado sakon, usaintsu, eder horietarikoa. Bakardadean dastatzeko eta gogoeta egiteko.
Harma: Borgoinako pinot noir zein chardonnayarekin egindako ardo fin eta dotorea. Leuna, delikatua, eztia...handia eta sakona.
Tiro, pum...

Eta indarrak ongi errotuz, gure sustraiak lurrari lotuz, bertatikan irautea:
ezaren gudaz baietza sortuz, ukazioa legetzat hartuz beti aurrera joatea

Topa!!!

No hay comentarios: