2010/06/11

E-PROVENANCE


Jakin badakigu beroa oso kaltegarria dela ardoarentzat, bai kontsumitzeko orduan, baita gordetzeko ere. Aspaldi honetan ardoa garraiatzeko baldintzak ere aztertu, eta kezkak sortzen dituela esan beharra dago, eta ez upategitik enotekarainoko bidean soilik. Egun, munduko oso toki urrutietatik datorkigu ardoa, Australia, Txile edo Argentinatik, adibidez. Ardoaren garraiatze egokiak sortzen dituen arazo eta kezka horiei aurre egiteko, gero eta gehiago erabiltzen dira hotzeko garraioak, kontainer egokituen bitartez, batez ere nazioarteko inportatzaile eta banatzaile zorrotz eta estuenen eskutik. Mahastian eta upategietan hainbeste zaindutako produktuak merezi du horrelako ahalegin bat, ezta? Baina gauzak ez dira horren sinpleak, eta ardo batek bere bidaian jasan ditzakeen egoerak eta baldintzak asko dira. Jancis Robinsonen web orrian idatzi zuen behin David Schildknechtek, urte askoan Estatu Batuetan ardo inportatzailea izandakoa eta orain Robert Parkerren laguntzailea Alemania eta Borgoinako ardo dastatzeetan. Zera azpimarratu zuen Schildknechtek: hotzeko kontainer batek (reefer) eskaintzen duen abantailarik garrantzitsuena isolamendu egoki bat dela, eta, horregatik, bidaia batean muturreko tenperaturak agertzen ez badira, hozteko sistema ez dela aktibatzen eta, ondorioz, garraioaren kostua merkatu egiten dela. Aldiz, bero handiarekin lan egiten bada, ez du askorako balio karga jasotzean kontainerreko hotz sistema martxan jartzeak; aurretik egin beharko litzateke. Pentsa dezagun nolako aldaketa termikoak izan ditzakeen ardo batek munduko beste puntatik gurera egiten duen bidaian... Ez zaigu hain arraroa egingo, beraz, marka garesti eta esklusiboenetan pentsatuz, batez ere, horren ingurukoak kontuan hartuz teknologia berri berezi bat merkaturatzen ari dela pentsatzea. Teknologia berri horri esker, kontrolatuta egongo dira, une oro, ardoaren ibilbidean gerta daitezkeen gorabehera guztiak, upategitik irteten den momentutik ia-ia gure etxeetaraino iritsi arte. E-Provenance deitzen da Eric Vogtek hardwarea eta softwarea konbinatuz asmatutako trikimailua. Eric Vogt Ipar Amerikako enpresaria da, eta ardozale amorratua, gainera. Botila lepoaren oinarrian txip moduko bat jartzen da, eta kaxa bakoitzeko, txartel plastiko bat, non irrati frekuentziaren bitartez tenperatura aldaketa guztiak grabatuta geratuko diren, eta kaxa ireki gabe irakurtzeko moduan, gainera. Txartel horrek esango digu ardoa behar den moduan egon den momentu oro. Ondorioz, iruzurraren kontrako tresna baliagarria ere bada Vogten asmakizuna.
Albisterik...

No hay comentarios: