2010/06/18

CHÂTEAU DE BEAUCASTEL


Frantziako ardo beltzei buruz hitz egiten denean, Bordele eta Borgoina datozkigu burura. Baina, egia esan, Rhoneko ardoak ez dira atzean geratzen. Batez ere, izugarrizko ardo mota desberdinak ematen dizkigulako Vienne (iparraldea) eta Arles (hegoaldea) artean hedatzen den 200 kilometroko eskualde luze hartan. Rhoneko ardo beltzik onenak, uztaldi onenetan zahartzeko duten gaitasun fidagarriarekin, inbertsiogile eta bildumazaleen oso gustukoak dira. Egia da iparraldeko Cote Rotie eta Hermitageko ardo freskoak sartzen direla ondoena kontzeptu horretan, baina egia da, era berean, eskualde hartako hegoaldean badagoela salbuespen zoragarri bat, Chateaunuef-du-Pape jatorri izenean, Avignondik oso gertu. 1923an mugarritu zen eremu hori, eta asko lagundu zuen Frantziako jatorri izenen sistema ezartzen. Eta, inongo zalantzarik gabe, Chateau de Beaucastel da Rhone eskualdeko hegoaldeko izarretariko bat da. Norbaitek esan zuen Beaucastel uztaldi eskaseko botila bat nahiago zuela, Chateaneuf-du Papeko beste edozein uztaldi onenetako botila bat baino. Askotxo esatea da hori, baina nahiko adierazgarria. Aipagarriak dira, beltzen artean, 1983ko, 1988ko eta 1995eko uztaldiak. Eta aipagarrienak beltzak badira ere, ezin ahaztu roussane mahatsarekin egiten den Chateau de Beaucastel Rousanne Vielles Vignes, 65 urte baino gehiagoko mahatsez egindako ardo sakon eta garbia. Chateauneuf-du Papen hamairu mahats mota daude onartuta, eta Beaucastel da hamahiruak erabiltzen dituen bakarra. Ondo irakurri duzue: hamahiru mahats mota ardo bat egiteko. Beltzen artean garnatxa, monastrell, syrah, counoise, cinsault, ttterret noir, muscardin eta vaccaresse; eta zurien artean clairette, picpoul rousanne, bourboulenc eta picardan. Beacastelek bere ardo beltz mitikoan erabiltzen dituen proportzioak hauek dira, urtearen arabera zertxobait alda daitezkeen arren: % 30 garnatxa, %30 monastrell (mourvedre), %10 syrah, %10 counoise, %5 cinsault eta beste %15erako beste mahats guztien nahastea. Horrek bereizten du, alde batetik, Beaucastelen ardoa beste ingurukoetatik; eta bestetik monastrellaren portzentaje handiak ere, ingurukoek askoz gutxiago erabiltzen baitute. Lurren jabetza XVI. mendetik dator, eta gaur egun 130 hektarea dituzte, horietatik ehunen bat mahastiz osatuak. Gehiena Chateauneuf-du Pape da, baina lauren bat-edo Cotes du Rhonekoa da, Coudoulet de Beaucastel etxeko bigarren ardoa egiteko, Chateauneuf-du Papeko mahastia filosofia biodinamikoari jarraituz lantzen da, Jean Pierre Perrin upategiaren jabeak horretan sinisten baitu itsu-itsuan.

No hay comentarios: