2010/06/18

PRIMEUR


Norbaitek galdetzen badigu bi urte barru arte gozatuko ez dugun ardo bategatik diru kopuru potolo bat ordaintzeko prest egongo ginatekeen, ziurrenik gure erantzuna ezezkoa litzateke; are gehiago daukagun testuingurua zein den ikusita. Baina munduko ardo garrantzitsu gehientsuenak, Bordelekoak batik bat, modu horretara saltzen dira. Primeur edo a la avanzada deritzon formula hau krisialdi larri honek pikutara bidal dezake edo, gutxienez, funtzionatzeko modua alda dezake. Baina nola funtzionatzen du primeur sistema honek? Norbaitek Bordeleko kalitateko ardoak erosi nahi baditu, bi modu ditu: ardo dendara joan edo egokien ikusten duen ardo hornitzaile batengana jo eta fisikoki dauden ardoen arteko ardo erreferentzien artetik nahi duena aukeratu, batetik, eta aldez aurretiko erosketa egin, bestetik, azken uztaldiko ardoak erosiz, bi urte barru arte jasoko ez dituen ardoak orain ordainduz (teorikoan merkeagoak). Horrela, kontsumitzaileak gaur egun 2009ko uztaldiko ardoak erosteko aukera izango du; upeletik ibilbidea osatzeko daudela oraindik. Bigarren aukera hau urtero-urtero posible izan dadin, bitartekaritza sendo bat behar da, eta, diotenez, Bordeleko upategi garrantzitsuenetako gehienek -%60 eta 90 artean- ardoa modu horretara merkaturatzen dute. Historikoki, Bordeleko Chartrons auzoan bildu eta ontzen zuten negociant-ek ardoa. Hortik abiatuta sortu zen 1855eko sailkapen famatua, gaur egun ere mantentzen dena, aldaketa txiki batzuekin. Gaur egun, negociant horiek ez dute, noski, ardoa ontzen, ardogileek egiten baitute upategietan, baina upategi eta negociant horien figurak lotuta daude bitartekari baten bidez (courtier). Honek kontrolatuko ditu stock-ak, eta berak daki non lortu ardorik onenak preziorik onenean. Gero negociant horien lana ardo horiek mundu guztiaren eskura jartzea izango da: inportatzaileak, minoristak... Zaleak, kontsumitzaileak ordainduko duen diruak finantzatuko du kate guztia, batez ere ardogilearen beharra. Eta ardogileak erabakiko du zer ardo kopuru eta zenbat txandatan (tranches) jarriko duen salgai primeur modalitate honetan. Martxo bukaeran eta apirilaren hasieran, kazetariak, merkatariak eta erosleak Bordelera joaten dira amaitu gabe dauden ardoen upeleko laginak dastatzera. Kazetariek webgune eta aldizkari espezializatuetan aterako dituzte ardoei buruzko iritziak, eta merkatariek erabakiak hartu beharko dituzte erosketak egin eta gero bezeroei eskaintzeko. Bordeleko sistema hau Kataluniako zenbait upategi erabiltzen hasiak dira, eta Espainian ere badago erabiltzen duenik. Baina oraingoz gutxiengoa da.

No hay comentarios: