2009/05/04

RIESLING, ZURIEN JAINKOSA


Riesling, Rhin ibaiko urre koloreko mahatsa. Askorentzat, mahats zurien artean handiena, Frantziako chardonnay ere tartean egon arren... Bere ezaugarri bereziei esker, ez du upeleko ontzerik behar, ezta alkohol ugari ere, munduan ondoen zahartzen diren ardoak emateko. Askok eta askok gazte edaten dituzte riesling mahatsarekin egindako ardoak, baina bere benetako balioa uztatik zortzi-hamar urte bitartera ematen hasten dira. Eta hori ardo lehorretan. Ardo gozoek zahartzeko duten gaitasuna sinestezina da. Rieslingak ematen dituen ezaugarrien artean gehien azpimarratuko nukeena azidotasuna da, mahatsak gehiegi helduta daudenean ere. Lore usainak, sagar berdearenak, melokotoia, aroma zitrikoak... Rieslingak, gainera, oso ondo islatzen ditu landatuta dagoen eremuaren ezaugarriak, bere-bereak diren ezaugarriak galdu gabe. Mahastiak behar den moduan landuz gero eta gehiegizko produkzioetan erori gabe, ahoan oso koipetsua eta glizerikoa izaten da, gorputz ederrekoa. Oso mahats gogorra da, eta ondo jasaten ditu temperatura baxuak. Eta izotzaldiak jasan ondoren izugarrizko izotz-ardoak (eiswein) ematen ditu. Eta lehen azidotasuna azpimarratu badut, orain botilan izaten duen bilakaera azpimarratu nahi nuke, eta lanolina eta keroseno aroma bitxiak garatzen dituela... Lehen esan bezala, duen azidotasunari eta egiturari esker oso bilakaera egokia izaten dute urteetan; horregatik ez da upelik erabiltzen riesling ardoak ontzeko, ez duelako ezer gehitzen, alde batetik, eta ez dagoelako premiarik, bestetik. Izen zailak izaten dituzte ardo hauei ohorea eman dieten gizasemeek, baina botako ditut batzuk: Robert Weil, Georg Breuer, Schloss Johannisberg, Egon Muller, Fritz Haag eta J.J. Prum. Baina mahats zoragarri horrekin egiten diren ardoekin gauza bitxi bat gertatzen da. Ia munduko kritikari guztiek goraipatzen dute rieslinga, Jancis Robinson, Hugh Jonson, Oz Clark eta Victor de la Sernak, baina, hala eta guztiz ere, gero hori ez da islatzen haren ezagutzan eta, are gutxiago, arrakasta komertzialean. Eta Robert Parker ahalguztidunak oso gogoko ez dituen arren, zaleon artean gero eta preziatuagoak dira, eta ez Alemaniakoak soilik, Alsazia eta Austriakoak ere bai. Toki horietan erakusten du bere handitasuna, baina munduko beste toki batzuetan zehar ere zabaltzen ari da, besteak beste Kalifornian, Zeelanda Berrian, Espainian... eta Euskal Herrian ere bai, adibidez Bizkaiko Txakolinak jatorri izenak bere araudian onartu egiten duelako mahats hori erabiltzea eta hainbat upategik erabiltzen dutelako, proportzio txikietan, euren txakolinetan.
Albisterik...

No hay comentarios: