2010/05/07

BENITO SANTOSEN ALBARIÑOAK


Pasa den asteko astelehenean Bizkaivinos antolatu zuten, Bilbon. Han izan nintzen ardo berrien bila, eta lagun zaharrak agurtzen. Betiko ardo handietatik aparte, Pujanza, Valenciso, xanpainen bat... Rías Baixasko Sucesores de Benito Santos upategiko ardo erakargarriak aurkitu nituen. Erakargarriak, zenbait arrazoirengatik. Orain arte dastatu ditudan albariño ia guztiek ez bezalako aroma eskaintzen dutelako, eta inoiz dastatu ditudan albariñorik finenak iruditu zitzaizkidalako, ez beharbada onenak, baina bai dotoreenak eta desberdinenak. Benito Santosek bere garaian egindako lanaren jarraitzaileak dira oraingoak ere. Haren ondorengoak mahasti guztia ekologikoa bilakatzen ari dira, Benito Santosek nolabait markatu zuen bideari jarraitzeko, mahastiari emateko garrantzia eta ez hainbeste upategiari, mahastian jaiotzen baita ardoa eta ez upategian. Hiru partzela dituzte, eta partzelek ematen diete izena ardoei: Pagos de Bernil eta Pagos de Xoan -biak ere hektarea bat baino txikiagoak- eta Pagos de Saiar. Beren ardorik ezagunenak, Terra de Calagok, baino ez darama hiru partzelotako mahatsa. Mahastiak Caldas de Reisen badaude ere, upategia Vilanova de Arousan dago (Pontevedra, Galizia). Albariño horien ezaugarririk aipagarriena, nire ustez, botilan hazteko eta garatzeko duten gaitasuna da. Albariñoak urte gutxiren buruan oxidatzen direla? Ardo horiek dastatu ondoren ez nuke inondik inora ere hori baieztatuko. Igrexario de Saiar, Terra de Calago, Pagos de Bemil eta Igrexario de Saiar Cepas Vellas dira ardoen izenak. Denak ezaugarri berekoak dira, baina denak desberdinak; bakoitza bere lurraren isla da, jaiotako lurraren isla da. Igrexario de Saiar frutaz eta lorez apaindutako ardoa da. Ia sei hektarea dituen partzela batetik datorrena. Sudurrean oso frutala eta ahoan oliotsua, dentsoa, amaiera punta gazi bat duena, dotorea eta fina. Terra de Calago. Fintasuna eta azidotasuna nabarmenduko nituzke ardo honetan, fruta eta ukitu baltsamikoak nahastuta agertzen dira, belar ukitu eder batekin. Loreak ere agertzen dira ahoan, eta berriz ere amaierako puntu gazia, minerala, luzea... Pago de Bemil. Hemezortzi hilabete ematen ditu biltegian, hartzidura egin ondoren geratu diren hildako legamia finekin. Oso ardo konplexua da, kea eta fruitu lehorren aroma dituena, serioa eta sakona. Mineraltasunak eta ukitu zitrikoek freskotasuna ematen diote. Orain upategiko ardura, eta baita ardoa egitekoa ere, amerikar gazte batek hartu du, Todd Blombergek, hain zuzen ere. Eta berarekin hitz egitea plazer handia izan zen, ezin hobeto azaldu baitzidan upategiaren eta bere filosofia, Benito Santosek omen zuen berbera.

No hay comentarios: