2010/05/05

VEREMA TOPAKETA


Atzo, otsailak 19 eta, gaur, otsailak 20, Verema Topaketa ospatzen ari dira Valentzian (Herrialde Katalanak); hain zuzen ere, aurtengoarekin, bederatzigarren aldiz. Topaketak www.verema.com webgunekoek antolatzen dituzte, urtero-urtero. Hilton Hotelean da aurten, eta han ikus eta dasta daitekeena paradisua da ardozaleontzat. Nire zazpigarren aldia izango da aurtengoa, eta, hau irakurtzen ari zareten bitartean, hasita egongo da edo hastear, ni tarteko, Vega Sicilia upategien taldeko ardoen dastaketa; hor egongo dira Toroko Pintia (2001 eta 2007), Duero Erriberako Alion (200 eta 2006), Valbuena 5&fraq14; Año (1998 eta 2005) eta izar nagusiak...Vega Sicilia Unico (1967, 1976, 1983, 1995 eta 2000). Atzo, motorrak pixka bat berotzeko edo, Bodegas Lopez de Herediaren hamabi ardo dastatu genituen; besteak beste, Todonia Gran Reserva 1964 eta Tondonia Gran Reserva 1970 zuriak eta urte bereko Tondonia Gran Reserva beltzak, edota 1947 eta 1964 Bosconia Gran Reserva... Ez dizkizuet hortzak zorroztu nahi, baina zoragarria zen. Goizean, Vega Siciliaren ardoak dastatzen ari nintzen bitartean, beste batzuek beste sei aukeraren artean erabaki behar izan zuten, erabaki zaila betiere; adibidez, Andaluziako ardo handiak. Munduko ardo handiak izenekoan Andaluziako altxor izugarriak dastatzeko aukera izango dute, manzanillak, amontilladoak, palo cortadoak edo olorosoak... Beste dastaketa batean, hain ospe handia hartu duen Raul Perez arituko da bere ardo guztiak azaltzen eta erakusten, hainbat tokitako eta hainbat mahatsez egindakoak; Sketch albariñoa, adibidez, Galiziakoa, Monterreiko govira merenzao mahatsez egindako ardo beltza, Bierzoko godelloz eta menciaz egindakoak, Portugalekoak, Leongo prieto picudoz egindako gorria Tempesta, hain zuzen... nolako aukera! Beste batzuk, goizez ari gara oraindik, Champagne aukeratu dute, eta Terroir champenoise: paradisua ezagutuz, mahastizain baten ikuspuntua izeneko dastaketan egongo dira, ekoizle txiki baten ikuspuntua eta xanpain handiak eta finak dastatzeko aukera paregabea: Tarlant Prestige Rose 1995, Paul Bara comtesse marie de France 1999, Diebolt Vallois Prestige... ummm. Baina nik xanpaina arratsalderako utzi dut, Gosseten xanpain zoragarriak dastatzeko, Champagneko upategirik zaharrenaren ardoak: Brut Grand Rose, Millesime 1989-1993 Celebris 1990-1995, Celebris Rose 1998 eta Celebris Blanc de Blancs Baina tartean azoka txikiak daude, upategirik onenen ardoak dastatu eta bertatik bertara ardoen gorabeherak komentatzeko aukera paregabea, lagun artean gainera; gehienak aspaldiko lagunak, ia-ia urtean behin baino ez badugu elkar ikusten ere. Bueltan kontatuko dizuet gehiago, eta barkatu enbidia eman badizuet, ez baitzen hori, benetan diot, nire asmoa eta.

No hay comentarios: