2010/05/07

DURANGO ARDO SALTSAN


2008ko maiatzaren 10ean ospatu genuen lehen aldiz Durango Ardo Saltsan ardo eta delicatessen feria. Gaurkoa hirugarren urtea da. Hasieratik argi genuen zer eskaini nahi genuen: ardoa eta delicatessen kultura jendeari hurbiltzea, etxeratzea. Hainbat ardo feria ospatzen dira Euskal Herriko hainbat tokitan, hiriburuetan batik bat; besteak beste Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Gurean, iazkoan, 57 upategik parte hartu bazuten, aurten parte hartuko duten upategien kopuruak gora egin du nabarmen; 66 upategi inguru ditugu gure artean. Iazko upategi gehienek errepikatu egin dute, eta hainbat gehitu zaizkio; adibidez, Carmelo Rodero (Dueroko Erribera), Recaredo (Cava), Otxanduri (Bizkaiko Txakolina), Tandem (Nafarroa), Viñaspre (Errioxa) eta Vegalfaro (Utiel Requena). Baina gurean ardoak pisu handia badauka ere, gastronomiak ere ez dauka gutxiago. Urdaiazpikoa, olioak, izokina eta hegaluze ketuak, kafea, munduko urak..., eta, aurten, nobedade handi moduan, kabiarra. Kabiarraren mundu ezezagunera hurbiltzeko aukera eta kabiarra dastatzekoa. Egun osoan hainbat ekitaldi proposatzen dituzte; besteak beste, Viñedos del Continoren ardoak dastatzea, Jesus Madrazo, upategiko zuzendari teknikoaren eskutik...; kafe dastatzeak, Cafes La Tostadorarekin; olio dastatzeak...; eta egun guztian, hau ere nobedadea da, Muga upategiko upelgile bat upela egiten arituko da egun guztian. Eta azken urteotan bezala Saltsan Cateringeko taldea miniaturako sukaldaritza egiten arituko da Iñaki Uriberen eskutik, Eusko Labelen produktuekin kanape eta gozamenerako beste hainbat eskaintzarekin. Eta, eguna amaitzear dagoela, Durango Ardo Saltsan lehen ardo dastatze itsua lehiaketa egingo da. Binaka arituko dira dastatzaileak, eta sei ardo dastatu beharko dituzte, zein den bikoterik trebeena erabakitzeko. Ardoaren kultura hurbildu nahi diote jendeari, eta hori betiere eskertzekoa da, baina ondo pasatzeko eta lagunen artean ezin hobeto aritzeko aukera ederra izango da gaurkoa. Baina Durango Ardo Saltsan ez da larunbateko feria ekitaldira mugatzen; asteazkenean, kabiar mundu ezezagunera hurbiltze bat egiteko parada ederra izan genuen, kabiar dastatze bat antolatu baitzuten Landako Elkartegian. Bitxia izan zen txakolinarekin eta vodkarekin egindako uztartze edo harmonia, zoragarria. Eta, ostegunean, berriz, Done Jakue bidea ardatz hartuta, Alemania, Chablis, Lleida, Bizkaiko Txakolina, Ribeiro eta Rias Baixasko sei ardo dastatzeko dastatze saioa egin zen, asteazkenekoa bezala arrakastatsua eta oso interesgarria. Feria haziz doa; tamainaz, bai, baina kalitatez ere bai. Goza dezagun!!!

No hay comentarios: