2010/05/07

LURRAREN EZAUGARRI EDAFOLOGIKOAK


Ba al dute zerikusirik lurraren ezaugarri edafologiko jakin batzuek, han landatzen diren mahastiek eta inguruko mikroklima zehatzak eta bertan jaiotzen den ardoak? Eztabaida ez da berria, ez. Baina ez du interes apurrik ere galdu, nire ustez. Batzuentzat, terroir hori ez da existitzen; beste askorentzat, izugarrizko garrantzia du azken emaitzan. Niretzat, eztabaida honek ez du tokirik, are gutxiago duela urte batzuk Didier Dagueneauren Silex dastatu ondoren eta duela hilabete Terroir al Limit proiektuko ardo zoragarriak dastatu eta gero. Baina egia da pil-pilean dagoela oraindik, batez ere Mundu Zahar eta Berriaren arteko eztabaidan. Gaia iteresgarria bada, gutxienez. Eta, egia esateko, Atlantikoaren alde batean zein bestean lurrarekiko konpromisodun jendea ari da mahatsarekin lanean, ardogintzan. Durango Ardo Saltsan azokan, larunbatean, eztabaidatxoa izan nuen lagun batekin horren inguruan, eta duela urte pare bat-edo irakurritakoa berreskuratu eta hona dakarkizuet. Alemanian egindako ikerketa baten ondorioen arabera, argi dago lurrak, haren ezaugarri edafologikoak eta eremuko mikroklimak zeresan handia dutela hango mahatsekin egindako ardoen ezaugarriekin. Ikerketa hark hiru urte luze iraun zuen, eta emaitzak 2008ko azaroan eman zituzten, Londresen Alemaniako Ardoen Institutuak antolatutako mintegi batean. Burututako lanak riesling mahatsarekin soilik egin ziren, lurraren isla beste edozein mahatsek baino hobeto erakusten duelako eta, gainera, ontzeko upelik, egurrik erabiltzen ez denez emaitzak argiagoak eta garbiagoak izango zirelako, egurrak beste elementu batzuk ematen dizkiolako ardoari, mahatsarenak ez direnak. Lanak 2004ko uztaldian hasi ziren; hasieran, Pfalf-eko ardogileekin, eta gero, 2005ean, Mosela eta Reheinhessenekoak ere egon ziren tartean. Mahastiak ezaugarri edafologikoen arabera aukeratu ziren, antzeko zoruan baina elkarrengandik urruti zeuden mahatsekin egindako ardoen artean antzik bazegoen ala ez ikusteko, alde batetik, eta bestalde, elkarrengandik gertu baina konposizio edafologiko ezberdinak zituztenen arteko aldeak, desberdintasunak. Hainbat mahastitako mahats guztiak era berean erabili ziren upategian, ardogintza patroi berberak jarraituz, beti deposito berdinak, legamia berberak eta abar. Gero egindako zentzumenezko azterketari esker, zera ikusi zen: besteak beste, arbelezko zoruetatik zetozen ardoek ezaugarri zitrikoak zituztela, eta azidotasun azpimarragarria zutela; jatorria basaltoko lurzoruetan zutenak, berriz, frutan aberatsagoak zirela eta azidotasun txikiagoa zutela; kareharrizko zoruetakoak koloretsuagoak zirela, fruta tropikalen ukituekin eta eztiaren ñabardurekin; lur zoru areatsuetan ukitu mineralekin, zitrikoak eta azidotasun nabarmenarekin. Eta, gainera, emaitza berberak edo oso antzekoak lortu ziren 2004 eta 2005eko uztaldietan, klimaren aldetik oso urte desberdinak izanik. Beraz, atera kontuak...

No hay comentarios: