2010/05/07

DEKANTAZIOA, BAI ALA EZ?


Ardoaren mundura hurbiltzen hasten garenean, dekantazioa izaten da, beste batzuen artean, kezkatzen eta liluratzen gaituzten gauzetariko bat. Nola dekantatu, zein ardo eta zer momentutan... Dekantazio zale amorratua ez naizen arren, onartu beharra dut zenbait ardok dekantatu ondoren egiten duen bilakaera oso mesedegarria izaten dela. Dekantatzeko arrazoiak bi izan daitezke: ardoa garbitzea eta hondakinak baztertzea bata, eta ardoa oxigenatzea bestea. Zer ardotan aurki ditzakegu sedimentuak? Alde batetik, ardo zaharretan -hamar urtetik gorakoak-, materia koloratzailea prezipitatu egiten delako, eta, bestetik, substantzia, indarra ez galtzeko filtratu gabe botilaratzen diren ardoetan. Egun oso arrunta da, arruntena esango nuke, kalitatezko ardoak filtratu gabe botilaratzea, eta gehienetan horren berri ematen dute etiketetan. Baina kontuz ardo zaharrekin. Ardo zaharrak delikatuak izaten dira, eta dekantazioa arriskutsua izan daiteke, ardoa nekarazi eta hilzorian jar dezakeelako. Nik ez nituzke ardo zaharrak dekantatuko, kontu handiarekin jokatu eta sedimentuak baztertzeko erabili beharreko iragaztontzia erabiliko nuke, baina ez dekantadorerik, arriskua handiegia delako. Baina, egia esan, gaur egun dekantazioaren helburu nagusia oxigenazioa dela aitortu behar da; ardoak arnasa hartzea, alegia. Botilatik dekantadorera pasatzeak soilik aireztatze on bat ahalbidetzen du, eta gero dekantadorean ardoak oxigenazio prozesu handiagoa egingo du, gainera. Oxigenazio honi esker zenbait aroma askoz lehenago agertuko dira eta sentsazio tanikoak pixka bat leundu. Nahiko logikoa da gaur egungo kalitatezko ardo beltz askoren profilari begiratzen badiogu, erauztaldi luzeak eta kontzentrazio oso altukoak direla kontuan hartzen badugu, eta uztaldia baino bi edo hiru urte baino ez direla igarotzen merkaturatu aurretik. Hauetako askok eskertuko luke botilan urte batzuk gehiago igarotzea, baina gehienak merkaturatu eta berehala kontsumitzen dira eta dekantazioak bilakaera horri bultzadatxoa ematen dio, kontzentrazioak eta gehiegizko indarrak zertxobait motelduz. Eta ohiturarik ez dugun arren, ardo gazte goiztiarrenek ere eskertzen dute dekantazioa. Kontuan hartu hartzidura eta botilaratzearen artean oso denbora gutxi igaro dela eta sarritan oxigenazioarekin desagertzen den kiratsa izaten dutela. Eta dekantazioak duen beste abantaila zera da: jolas egiteko balio du. Esperimentatu, adibidez, ardo berberak dekantatu edo dekantatu gabe eskaintzen dituen ezaugarrien arteko desberdintasunak. Normalean dekantatutako ardoa adierazkorragoa eta irekiagoa agertuko zaigu. Eta orain zuk zeuk erabaki: dekantadorerik, bai ala ez?

No hay comentarios: